argia.eus
INPRIMATU
Kaleak hartzeko deia egin du ANkerkeriari Stop ekimenak, Zelaia eta Barbadoren aurkako epaia salatzeko
  • Larunbatean 18:00etan manifestazioak egingo dituzte Amurrion eta Gasteizen, eta Euskal Herriko gainontzeko herriei ere elkarretaratzeak antolatzeko deia egin diete. "Bide berri bat irekiko dugu, injustizia hau ezagutzera emateko eta kasua sozializatzeko".

Hala Bedi @halabedi 2021eko otsailaren 05a
Argazkia: Hala Bedi.

Dozenaka lagun bildu dira Gasteizko Foru plazan Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako epaia salatzeko eta mezu argi bat helarazteko Audientzia Nazionalari, Ertzaintzari eta gizarteari ere bai: "Ez gara geldirik geratuko, orain inoiz baino gehiago indarrak batu eta ankerkeria bide honi ateak ixteko momentua dela deritzogu".

Izan ere, sententzia honekin, ANkerkeriari Stopen arabera ez da ezer amaitu: "Bide berri bat irekiko dugu injustizia hau ezagutzera emateko, kasua sozializatzeko eta ahalik eta aktore politiko, sozial eta sindikal gehienek sententziarekiko kontrakotasuna adierazteko».

Testuinguru honetan, Auzitegi Nazionalak bi gazte arabarrei lau urteko kartzela zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri ostean, herri-ekimenak mobilizazioak antolatu ditu datozen egunetarako.

Larunbatean, mobilizazioak

Otsailaren 6 honetan, larunbatean, bi manifestazio nagusi egongo dira, baina gainontzeko herrietan ere elkarretaratzeak egiteko deia egin dute ANkerkeriari Stopekoek:

Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazan) eta Amurrion (Herriko plazan), Zelaia eta Barbadoren herrietan, manifestazioak 18:00etan.

Euskal Herriko gainontzeko herrietan, herritarrei 12:00etan elkarretaratzeak antolatzeko deia egin diete. Horretarako, @ANkerkeriaSTOP sare sozialetan baliabideak jarriko dituzte, herri bakoitzak berea antolatu ahal izateko: kartel mutuak eta pankarta ereduak egongo dira eskuragai.

Bien bitartean, ordea, Barbado eta Zelaiaren eguneroko bizitzek baldintzatuta jarraituko dutela ohartarazi dute, auziaren bilakaerak ekar dezakeenaren esperoan. Hala ere, gazteen defentsak errekurtsoa jarriko du eta, printzipioz, ez dira epe motzean espetxean sartu beharko, Hala Bedik hurrengo hilabeteetarako espero den ibilbide judizialaren errepasoa biltzen duen artikuluan zehaztu zuen moduan.