argia.eus
INPRIMATU
Kaleak desinfektatzea “alferrikakoa eta arriskutsua” dela dio Frantziako Osasun Ministerioak
  • Euskal Herriko herri askotan garbitzaileak ari dira kaleak desinfektatzen eta hala ibili dira Espaniako Armadako kideak ere, Hego Euskal Herriko zenbait geltokitan, fusilak utzita eta lixiba hartuta. Frantziako Île-de-France eskualdeko Osasun Agentziak ohartarazi du ez dela eraginkorra eta gainera arriskutsua dela.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 03a
Espainiako armadako kideak Bilboko Abanto tren geltokian. Argazkia: EuropaPress

"Lixiba edo beste desinfektatzaile bat lainoztatzea alferrikakoa da, eta, aldi berean, ingurumenarentzat arriskutsua", adierazi du Île-de-France eskualdeko Osasun Agentziak asteazkenean, Parisko Udalari bidalitako mezu elektroniko batean. Zortzi departamendu, Paris hiriburua tartean, barnebiltzen ditu Île-de-France eskualdeak.

Euskal Herrian bezalaxe, Frantziako Estatuko zenbait herritan kaleak desinfektatzeari ekin diote, Txinan eta Hego Koreako hiri batzuetan egindakoa eredu hartuta. Parisen zergatik ez zen horrela egiten ari galdetu diote egunotan zenbait alderdi politikotako eledunek Parisko alkate Anne Hidalgori. Hala, Udalak adituengana jo eta asteazkenean erantzuna jaso zuen eskualdeko Osasun Ministeriotik. Le Monde egunkariak aletu ditu emandako agurdioak.

Erantzunak dio Osasun Publikorako Kontseilu Gorenak nazioarteko kasuak aintzat hartuta azterketa egin beharko lukeela eta azterketa horrek ondorioztatuko balu desinfektatzea komenigarria dela, orduan Parisen ere egin beharko litzatekeela. Baina hori egin bitartean, "Osasun Agentziak zein Frantziako Osasun Ministerioak ez dute inolaz ere gomendatzen kaleak desinfektatzea", dio dokumentuak. Argudioak argiak dira. Nagusiki, "birusak gainazaletan duen iraunkortasun txikia" eta "euste-baldintza orokorra". Hori kontuan hartuta, ingurumenean dagoen karga birala "hutsaltzat" jo behar dela diote.

Testuak ez du zehazten zer arrisku dakartzan, baina zenbait adituk dagoeneko aipatu dute erabilitako desinfektatzaileak uretara filtratzeko arriskua. Bere erantzunean Île-de-France-ko Osasun Agentziak beste irtenbide batzuk nabarmendu zituen, ohikoagoak eta ez hain garestiak. "Kaleak txukun mantentzea ohiko ekipamendu eta materialekin", eta "etxera itzuli bezain laster eskuak garbitzea" aholkatzen du.