"Gobernu ezberdinak ezohiko egoera aprobetxatuz, beldurarren kulturan sakondu eta beste testuinguru batean onartezinak izango liratekeen errepresioa eta kontrol sozialerako neurriak" normalitzatzen ari direla salatuz, eta horren aurrean kaleak berreskuratu behar direla aldarrikatuz, manifestazioa deitu du Jarki antolakundeak Gasteizen larunbat honetan uztailak 18, 18:00etan Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuz.
Jarkiko kideek ARGIAri helarazitako deialdian Euskal Herriko langileak aktibatzen hasteko manifestazioa deitu dute, "manifestazioa eskubide demokratiko honen gauzapena baitugu".
COVID-19aren ondorioz, Euskal Herria "ataka larrian" aurkitu dela, gaitzaren aurrean lehen lerroan beharginak egon direla eta hauek direla pandemiari aurre egin diotenak azpimarratu nahi dute. Aldi berean, salatzen dute, bitarte horretan, "osasun sistemaren gaur egungo egoera penagarriaren erantzule diren kapitalisten presiopean, itxialdia egon arren, langileriak bere lanpostuetara joaten jarraitu behar izan du, burgesiaren irabaziei eutsi ahal izateko euren osasuna arriskuan jarriz".
Gobernuek eta polizia indarrek egoera beren praktika zuritzeko baliatu dutela salatzen dute, beste testuinguru batean onartuko ez ziratekeen errepresioa eta kontrol sozialerako neurriak normalizatu direla. Polizia beren presentziaren eta ekintzen onarpena eskuratzeko krisia erabiltzen ari dela ere uste dute. "Bide horretan, masa hedabideek ere erabateko prestutasunez dihardute euren jabeen mesedetan".
Beren iritziz garai latzak datoz Euskal Herri Langilearentzat alor ekonomiko, laboral eta politikoan. "Osasun krisiaren atzetik ekonomia krisia dator eta gobernuek hartutako neurriek argi utzi dute langileon osasuna edo beste ezer baino garrantzitsuagoa dela kapitalisten irabaziari eustea, ondorioak lnagile klaseak pairatu behar izanik".
"Euskal Herri Langileak ezin du jarrera otzana aurkeztu". Beren ustez beharrezkoa da antolatzea eta kalea berreskuratzea, argi utziz "Euskal Herriak ez duela ezohiko araurik, ezta bere eskubide demokratikoak auzitan jartzen dituen legedirik onartuko eta, are gutxiago, normalizatzen utziko".
Jarki independentzia eta sozialismoa helburu estrategiko dituen erakundea da, borroka ideologikorako sortua. Ez dute beren burua Ezker Abertzalearen disidentzia gisa planteatzen eta aparteko eragilea direla aldarrikatzen dute. Bere buruari Euskal Herriko langileria antolatzeko erronka jarri dio, eta 2017an sortu bazen ere, 2019ko Gudari Egunean egin zuten lehen agerraldi publikoa eta ondoren abenduaren 6an, Espainiako Konstituzio egunean, manifestazioa egin zuten.