argia.eus
INPRIMATU
[Donostia] Kalea itxita eta bozgorailutik keinu bat
  • Igara eta Ibaeta beti izaten dira oso diferenteak grebetan. Poligonoan enpresa batzuk itxita bai, baina greba ez da batere orokorra izan. EHUren campusean argazki diferentea, ia inor ez zebilen fakultateetan, eraikinak zabalik, Kimika fakultatean bizpahiru pertsona lanean, kafetegiak itxita eta LABeko kide batzuk pankartak jartzen, aldarrikapena baino, egoeraren deskribapenetik gertuago: “EHU itxita”.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko maiatzaren 30
Donostiako manifestazio burua Bulebarrera iristen.

Antigua auzoko pikete batekin elkartu gara, supermerkatu bat itxi dute eta auzoan barrena ibili dira goizean, Ertzaintzako agenteen hatsa lepoan. Tentsioa pixkanaka gora joan da piketea auzoko Batzokira hurbildu denean (iazko irailaren 26ko greban, tabernako jabea ertzainekin batera oldartu zitzaien sindikalistei).

Agenteek ez diete LABeko kideei barrura sartzen utzi eta kanpotik “txin-txin diruaren hotsa...” abestu diote jabeari. Geroago, Ondarreta aldeko urbanizazioan zabalik zeuden beste bi lokaletan grebari buruzko informazioa banatu dute piketeek. Batetik ateratzerakoan, ertzainek LABeko kideari bultzadatxoa eman diote.

Piketea jatetxe batera hurbildu denean estutu da giroa gehien: lokaleko atera hurbiltzeko manifestarien kontra bultzaka hasi dira hainbat ertzain eta berehala makilak atera dituzte. Irudiak grabatzen ari ziren pertsonekin ere bultzaka eta probokazioan aritu dira.

Antiguatik Erdialdera: negozio gehienak itxita eta zabalik zeudenak hutsik salbuespenak salbuespen. Antzeko argazkia Parte Zaharrean. Manifestazioa hasi baino lehen Bilgune Feministako hainbat militantek multinazional baten jabetzako arropa denda itxi dute eta Bangladesheko emakumeekin elkartasunezko kartela jarri dute kanpoan.

Manifestazio jendetsua izan da, burua Bulebarrera iritsi denean jendea oraindik Artzain Onetik ateratzen ari zen (konprobatu daiteke, tweet honen eta honen artean hiru minutuko aldea baitago).

Balorazio politikoago baterako puntua ELAko Ioseba Villarrealek eman du manifestazio bukaeran. Joan den asteko berri bat aipatu du, adineko pertsonak zaintzen dituzten gipuzkoarrei buruzkoa (euren lan baldintzak hobetzea lortu dute borrokaren bidez), eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera nabarmendu du, diru gehiago bideratu baitu langileen eskaerak betetzen dituzten sektore horretako enpresetara.

Keinua da, baina esanguratsua, kontuan izanda iaz sindikatuaren eta Diputazioaren arteko harremana asko tenkatu zela. Urak bere bidera etortzen hasiak ote? Albiste ona litzateke bestelako eredu sozioekonomikoak posible ez ezik, ezinbestekoak direla uste dutenentzat.