argia.eus
INPRIMATU
Kalea Guztiona da: lehen muraletik urtebetera, hutsuneak betetzen jarraitzeko festa Zumaian
  • Orain urtebete inguru lehen murala margotu zuten Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek Euskal Herri mailan famatu egin den Zumaiako Erribera kaleko horman. Ekitaldiz betetako festa eguna izan zen iazkoa eta aurten errepikatzeko asmoa erakutsi dute. Kolore guztiak debekuen kontra! izenarekin, Torreberri azpian egingo dute bigarren festa eguna larunbatean.

Baleike @baleike 2017ko ekainaren 08a

“Kalean erakusteko moduko kultur diziplinak ekarri nahi genituen. Gaueko kontzertuak Gaztetxean egingo dira, baina beste guztia kalean izango da: pailazoak, ipuin kontalariak, bertso saio indartsu bat...”, diote larunbateko festa eguneko antolatzaileek. “Aprobetxatuko dugu Gaztetxe ondoan dauden hormetako mural batzuk konpontzeko. Muralista profesionalekin hitz egin dugu eta horiek margotuko dituzte. Hutsuneak dauden zenbait lekutan ere arituko dira beste margolari batzuk”, gaineratu dute.

Ekitaldi horiez guztiez gain, kamisetak ere salgai jarri dituzte. “Gorriti artistak logo antzerako bat egin digu kamisetetarako. Berak margotutako txoritxo bat erabiliko dugu”.

Berez, beraien asmoa aipatutako bertso saio hori Aita Mari aretoan egitea zen, baina, Udalaren ezezkoarekin egin zuten topo. “Abenduan egin genuen eskaera eta hilabete eta erdi geroago erantzun ziguten. Santelmoetan bertso saioa bazegoela eta ezezkoa eman ziguten. Guk Bertso Eskolarekin hitz egin genuen eta esan ziguten gero eta bertso saio gehiago izan, bertsolaritzarentzako hobe zela. Beraz, beste eskaera bat egin genuen eta ez dugu erantzunik jaso. Gauzak horrela, kalean egitea erabaki genuen eta horren inguruan beste hainbat ekitaldi antolatu ditugu”. 

Kalea Guztiona Da mugimendua 2016ko martxoan sortu zen,  Zumaiako Udalak herriko kaleetan pankartak eta kartelak jartzeko debekua iragarri eta hilabetera. Taldekideek positibotzak jo dute urte honetan egindako lana. “Debeku eta isun hauek jasotzen dituen ordenantza onartzeko asmoa zuen Udalak eta pentsatuko zuen di-da batean onartuko zutela. Onartu ez bada izango da, ziur aski, erantzuna jaso dutelako”.

Udala debeku horiekin “dena zaku berean sartzen ari dela” diote. “Ezin duzuna da bitartekaria satanizatu; edukia da aztertu behar dena. Ez da gauza bera irain bat edo datorren astean izango den kontzertu bat iragartzea. Gustatzen ez zaizkien mezuak isilarazi nahi dituzte edo, behintzat, kontrolatu. Ez da hainbeste zentsuratzea, kontrolatzea baino”.

Denbora honetan jasotako elkartasuna ere nabarmendu dute mugimenduko kideek. Hasiera hartan herriko 33 elkartek emandako babesa azpimarratu dute, baita sindikatu guztiena ere, “CCOOtik hasi eta LABera arte”. “Babes hau eztabaida pizteko garrantzitsua izan da, zalantzarik gabe, bestela ez ginateke hemen egongo. Guk jarraituko dugu eztabaida hau planteatzen ahal dugunera arte”.

Albiste hau Baleikek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.