argia.eus
INPRIMATU
Kale saltzaileen aurka oldartu da Bilboko Udaltzaingoa, eta bi pertsona atxilotu ditu
  • Hainbat lagunek sareetatik salatu dute Bilboko Udaltzaina kale saltzaileen aurka oldartu dela Areatza inguruan. Tentsio uneak izan dira kale saltzaile, inguruko jende eta udaltzainen artean, eta “porrak ere erabili” dituztela esan dute.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 22a
Liskarreko irudiak. Argazkia: @mikel_ao_

Aste Nagusiko suak amaitu ostean, 23:00ak aldean, udaltzainak Areatza inguruko txosnagunean sartu dira kaleko saltzaileei ondasunak kentzera. Hau dela eta, jendea protestan hasi da eta Ertzaintzaren furgoneta batzuk joan dira bidea moztera. Une horretan tentsioa asko igo da, eta “porrak ere erabili” dituztela salatu dute.

Bilboko Udalak liskarretan bi atxilotu izan direla jakinarazi du. Kaleko saltzaileak eta protestan zebiltzanak kolpatzeaz gain, hainbat herritarrek salatu dute udaltzain zein ertzainek “arrisku handia” eragin dutela autoekin, azkar eta maniobra arriskutsuak egin baitituzte: “Adingabekoak negar batean zeuden autoek ia familia-kideak harrapatu dizkietelako”, salatu dute.

“Ikuskizun lotsagarria gero gure begien aurrean”, “segurtasuna norentzat?” edo “gizartearen aurka doana Bilboko Udala da!” salatu dute hainbat lagunek sareetan.

Abuztuaren 14an Bilboko kale saltzaileek kontzentrazioa egin zuten Udaletxearen aurrean, Aste Nagusian saltzaileen aurkako jazarpenik ez egotea eskatuz: "Bizirautea ez delako delitua, manteroak ere jaixetan", zioten kontzentrazioan.