argia.eus
INPRIMATU
Joseba Alvarez zigortu dute “gehiegikeria poliziala eta arrazakeriari aurre egiteagatik”, LABek salatu duenez
  • Joseba Alvarez euskaltzale, ezker abertzaleko militante eta LABeko kidea 240 euroko isunarekin zigortu du epaileak, “autoritatearen kontrako erresistentzia” egotzita. Moussa Sow kaleko artisau saltzailea atxilotzen ari zirela udaltzainei aurre egin zien Alvarezek, eta LABen arabera “gehiegikeria polizialari eta arrazismoari aurre egitea” zigortu dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko urtarrilaren 13a
LABek ostegunean agerraldia egin du epaa baloratzeko, Joseba Alvarezekin batera (argazkia: LAB)

Donostiako Udaltzaingoak duela hiru urte Moussa Saw kaleko artisau saltzailea hiriko Alde Zaharrean atxilotzeko unekoa da epaituriko gertakaria. LABek azaldu duenez “arrazakeriaz eta biolentziaz” ari ziren erasotzen migratzailea eta egoera horri aurre egitea erabaki zuen Joseba Alvarezek.  Fiskaltzak eta Donostiako Udalak urtebeteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatzen zuen bere kontra “atentatuagatik”, baina epaileak 240 euro ordaintzera zigortu du Alvarez, “autoritatearen kontrako erresistentziagatik”.

“Kondena eskatutakoa baino txikiagoa da, baina halere jarrera arrazista eta biolentoei aurre egitea zigortu dute eta hori oso larria da” adierazi du sindikatuak ostegun goizean egindako agerraldian. Azaldu dutenez, epaileak ez ditu frogatutzat ematen akusazioak esandako hainbat gauza, hala nola Alvarezek mehatxuak jaurti omen zizkiela agenteei edo identifikatzeari uko egin ziola: “Ebidentzian geratu da udaltzainen aldetik gezurretan oinarrituriko muntai poliziala martxan jarri zutela”.

“Ebidentzian geratu da udaltzainen aldetik gezurretan oinarrituriko muntai poliziala martxan jarri zutela”.

Alvarezek azaldu du “berriro egingo” lukeela, “herritarron lana baita gehiegikeria polizialari edo jokabide arrazistei aurre egitea”. Era berean, epaiak Sawren aurka jarritako akusazioa arintzea ekartzea espero dutela dio LABek, eta eskerrak eman dizkiete auzi honen harira elkartasuna adierazi duten eragile sozial, sindikal eta politikoei.

“Intentsitate baxuko arrazakeria”

LABek Donostiako Udalari eskatu dio ikertu dezala epaiketak iraun bitartean Udaltzaingoak izan duen jokabidea, baita agenteen jarrera biolento eta arrazistak ere. Gainera, salatu du “argi” geratu dela Donostiako Udalaren jarrera “ez dela onena migrazioaren auziaren aurrean”, eta gogorarazi du Donostian migratzaileentzat dagoen “atentzio falta, jantoki sozialen falta, bizileku falta…”.

Testuinguru horretan, poliziak kale saltzaileekiko egiten duen presioa “intentsitate baxuko arrazakeria” dela dio eta Udalak neurriak hartu beharko lituzkeela “inor ez da ilegala” printzipioan oinarrituta, migratzaileen eskubideak errespetatu daitezen.