argia.eus
INPRIMATU
Euskararen Eguna
Kale izenak baino, onarpen handiagoa behar dute/dugu
  • Ospakizun, gorazarre eta omenaldi eguna bihurtu da azken urteetan abenduaren 3a, eta aurten euskaldun berriei dagokie ohore hori. Euskara ikasteko egin duten ahalegina eskertzeko, euskaldun berriak izango dira egun horretako protagonistak.

Hainbat egile* 2015eko abenduaren 03a

Halere, esker onaren adierazpena ez da egun horretara mugatuko, ez: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek adostutako proposamena da hiri eta herrietako kale, eraikin edo lorategiren bati “euskaldun berria” izena jartzea.

Ondo merezitako gorazarrea, bai horixe!!! Beti esan dugu herri honek zor handia duela euskara ikasi duten milaka herritarrekin. Euskara ikasteko erabakia hartu, ahaldundu eta euskaraz bizitzeko hautua egin duten 300.000 hiztun pasatxo irabazi ditu euskarak azken hamarkadetan; horietatik herena baino gehiago heldutan gau-eskola eta euskaltegietan euskaldundu dira. Eta guztiok gara jakitun zer-nolako ahalegina eskatzen duen heldutan ikasteak: sarritan ikasteari aspaldi utzi eta berriro ohitura hartu behar, eguneko lanaldiarekin bateragarri egin behar, lagun eta sendiarekin egoteko denborari tartea kendu behar, zaletasunak pixka bat alboratu behar, bertoko hizkuntza ikasteko ordaindu behar… Ahalegin handia jende askok egin duena, bai horixe. Guztien izenak hemen jartzea ezinezkoa da, baina gogoan ditugu, besteak beste, Kristina, Manu, Eugenia, Elsa edo Miguel; helduaroan hasi ziren euskara ikasten edozein herri edo hiritako euskaltegi batean. Egun, beste asko bezala, euskaraz bizi dira, eta garrantzitsua dena, bere seme-alabek etxean zein eskolan euskara dute lehen hizkuntza! Kateak ez du etenik! Euskaldun berriak euskaldun zaharrak sortzen!

Izen asko irakasleen artean ere: Miren, Ane, Patxi, Karlos, Marian, Xabi… Batzuk euskaldun zaharrak, euskaldun berriak beste batzuk, baina guztiak euskaradunak; beste asko bezala, helduen euskalduntze alfabetatzean aritu dira lanean eta gaur egun ere lankide ditugu euskaltegietan. Helduen euskalduntzearen ibilbide luzea ezagutu dute. Lan boluntarioa urte luzeetan, administrazioaren aitortzarik gabe eta era prekarioan urte askotan. Urteak aurrera egin ahala, hainbat garaitan lan egoera egonkortzeko pauso batzuk eman direla ikusi dute; baina jakin badakite helduen euskalduntze eta alfabetatzea gaur gaurkoz ez dagoela inondik inora egonkortuta eta normalizatuta. Hala ere, euskal herriko plazak euskaldunez betetzeko erronkari tinko eusten diote, eta etengabeko prestakuntzan murgilduta daude, eskaintza eta metodologia hobetu nahian. Irakasle horiek guztiek, eta modu berean lanean diharduten ehunka irakaslek ere, egunen batean gorazarrea eta zerbait gehiago beharko dutelakoan gaude.

Are gehiago, esango genuke ez dela nahikoa herriko plazari “euskaltegietako euskara irakaslea” izena jartzearekin. Behingoagatik lana duintasunez egiteko baliabideak eskaini behar dira; bai, horrela egingo da egoki gorazarrea. Dagoeneko ez gara konformatzen estrategikoak garela entzutearekin. Ezin dugu horrela jarraitu. Orain da unea jauzia egiteko, izan ere, Euskal Herriko administrazio nagusietan langai daude  datorren urteko aurrekontuak.

Nafarroan, aldaketaren aurrekontuak izango omen dira, eta gu aldaketa esanguratsuen esperoan egon gara, aurreko egoera ahazteko modukoak eta norabide onean goazela erakutsiko digutenak. Dagoeneko ezaguna da aurrekontuen aurreproiektua, eta orain gutxi aurkeztutako proposamenean argi geratu da aurreko gobernuak izandako joera zitala eten egin dela. Ez da gutxi, baina aurrekontu proiektu hori oso urrun dago oraindik euskaltegietako lana normalizatzea lortzetik, eta ez da inondik inora gure aurreikuspenetara hurbiltzen; izan ere, 2010eko aurrekontuen parekoa da 2016rako aurkezten zaiguna.

EAEn ere egoera normalizatu batetik urrun gaude. Arestian esan bezala, hainbat garaitan aurrerapausoak eman dira, baina garai horietan ere egoera egonkor eta normalizatu batera iritsi gabe. Orain, sei urteko erabateko geldialdi luzearen ondoren, normalizaziorako pauso nabarmenak emateko garaia da, esanetatik ekintzetara pasatzeko unea heldu da. Hori uste genuen, behintzat. Baina, usteak erdiak ustel, 2016rako aurkeztutako aurrekontu proposamenean ez dago hobekuntzarik egiteko tarterik, ezta urrik eman ere! Nonbait, beste behin ere estrategikoak garela entzunez igaro beharko dugu datorren urtea!!

Gizartearen eta administrazioen helburua bada euskara normalizazio parametroetara ekartzea eta herritarron ohiko hizkuntza izatea, asko eta asko dira euskara ez dakitelako euskaltegietatik pasatu behar dutenak, milaka. Eta guk horretan lagundu nahi dugu. Gure lanean eta horrek duen eraginean sinesten dugu. Euskaradunak sortzeko lanean jardun nahi dugu, baina nahi izatea ez da nahikoa. Sektore normalizatua izan nahi dugu, izan behar dugu; eta horretarako, berandu baino lehen, administrazioek neurriak hartu behar dituzte, pauso sendo eta finkoak eman behar dituzte. Horrela egin ezean, euskaltegietan aritutako irakasleei egindako monumentuan lore sortak eskainiko ditugu abenduaren 3an!!!

 

*Mertxe Mugika (AEK), Jon Urdangarin (Barnetegiak), Patxi Agirregomezkorta (Batuz),

Isabel Izarzelaia (Elkarlan) eta Gurutze Sarasola (IKA), ekimen sozialeko euskaltegien izenean.