argia.eus
INPRIMATU
Kale erdian egin dute otordua haurrekin Bilboko zenbait gurasok, eskolako jangelaren faltan
  • Atxuri eta Zazpikaleetako eskolek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak eta Bilboko Udalak “ez dituzte ikasturte honetarako behar diren langileak eta espazioak kudeatu”. Tiboliko zentroan iragarri dute irailaren 15ean grebara batuko direla.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 14a
Garcia Riveiro ikastetxeko haurrak gurasoekin piknika egiten. Argazkia: El Salto

Bilboko Atxuri auzoko Garcia Rivero eskola publikoko haurrak iragan ostiralean 13:00etan atera behar izan ziren ikastetxetik, Hezkuntza Sailak eskatuta. El Salto atariak aditzera eman duenez, jantokia kudeatzeko begirale nahikorik eta mahaiak bereizteko hutsunerik gabe, ikastetxeak ezin izan die oinarrizko zerbitzua eskaini familiei, eta bereziki baliabide urriak dituztenek pairatu dituzte ondorioak.

Erakunde eskudunak sei hilabete izan ditu ikastetxeetako espazioak birbanatzeko eta kontratazioak egiteko baliabide ekonomikoak handitzeko, eta irailaren 11n ikasturtea hasita, ez dute betebehar horietako bat bera ere bete.

Zuzendaritza-taldeen “borondate onaren ondorioz” bete ahal izan dira neurri batean COVID-19aren aurkako protokoloak, baina Hezkuntza Sailaren esku zegoena konpontzeke dago oraindik. Familiek, bien bitartean, komunikabideei hainbat gutun helarazi dizkiete euren haserrea adierazteko. Behin eta berriz azpimarratu dute Iñigo Urkulluren Gobernuaren erantzukizuna. Azken ekintza esanguratsuenetariko bat piknik bat izan da. Eskolatik irtetean, gurasoak kale erdian eseri dira haurrekin bazkaltzeko. Ikaskideen arteko segurtasun-distantzia errespetatu dute uneoro, eskuak garbituta eta galtzadako zoruan mantak jarrita.

6 eta 8 urteko bi haur izanda, jantokirik ez egotea "bihozgabekeria" dela adierazi du Mari Chavezek. "Haurrak eskolan uzteak eta bertatik jasotzeak lanegun osoa erdibitzen digu, oporrak eskatu behar izan ditut haiei arreta emateko", adierazi du.

Atxuriko eskolak, Bilboko zaharrenetakoak, bi lerro ditu ikasturte bakoitzeko: aurreko patio bat eta txikienentzako beste bat parez pare. Espaloi estu bat dago eskolako atean, eta autobus geltoki bat atzean. Urteak zeramatzaten Hezkuntzari hobekuntzak eskatzen, eta COVID-19ak "aurpegian eztanda egin die", gaineratu du Amaia Bacigalupe Osasun Publikoan eta epidemiologian adituak. "Espazio eta langile gehiago behar ditugu umeen eta langileen osasuna bermatzeko, eta presazko erantzun bat eman behar dugu jolaslekuak modu duinean egiteko eskaeraren aurrean, korridoreen eta hallen ordez".

Zazpikaleak

Ez Atxuriko eskolan, ezta Alde Zaharreko Mujika Eskolan ere, Udalak ez du kanpoaldeko espaziorik prestatu. Mujika Eskolak oinezkoentzako Santa Maria kalea egokitzeko eskatu diote Bilboko Udalari. Kale hori zama-lanetarako baino ez da baliatzen 07:00etatik 11:00etara. Era berean, Burtsako eraikin ohiaren gizarte-etxeko ikasgelak uzteko eskatu diote Udalari, kale laburraren amaieran baitago eta publikoa baita.

Halaber, Hezkuntza Sailari galdegin diote aurreikusitako eskola-irteerak eta txangoak egin eta lanaldi jarraitua ezarri ahal izatea, familiek euren seme-alabak jantokitik atera ahal izan ditzaten, arratsaldean berriz ekarri behar izan gabe.

Gatazka

Bien bitartean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu berria kexu da hedabideen aurrean, “sindikatuek 100 eguneko konfiantza eskaini ez diotelako eta irailaren 15erako greba deialdiari eusten jarraitzen dutelako”.

Alde Zaharretik eta Atxuritik metro batzuk harago, Tiboli eskolak mezu elektroniko bat bidali die familiei: irakasleen %99k greba egingo du, eta gainontzeko langileen artean, berriz, %100ek. Giroa bero-bero dago, eta sailburuak ostegunean bost sindikatuekin izandako bilerek ez zuten mobilizazioa bertan behera uzteko balio izan, sindikatuen arabera Bildarratzek ez baitzuen ekainetik aurrera eskolek aurreikusitako arazoak konpontzeko konpromisorik eskaini.