Azken hamabi hilabete hauek lotan eman ondoren iratzarri eta oraintxeko kontuei berriro helduko balie norbaitek, ziur, déjà vu-aren irudipena hartuko luke lehen begi-kolpean munduko bi potentzia nagusien arteko harremana berrikustean. Iazko azaroan bideokonferentziaz hizketan utzi zituen Biden eta Xi, eta aurrez aurreko solasean aurkitu ditu aurten Balin; iaz, Singapurren serio baina elkarri esku emanaz utzi zituen Defentsa-ministroak, Austin eta Wei, eta halatsu ikusi ditu aurten ere Kanbodian. Gainera, jabetuko da COP27an, bi potentzia kutsatzaile nagusien arteko zuzeneko elkarrizketak hitzartu dituztela, eta Blinken, Estatu-idazkaria, laster Beijingera joatekoa dela ere. Beraz, urak betiko bidetik doazela betiko gorabeherekin, pentsa dezake.
Baina orduan esplikatu beharko zaio urtebete honetan azken 50 urteetako kinkarik gaiztoenean egon direla AEB eta Txinaren arteko harremanak. Eta ondorengo hilabeteetarako ere antzeko zerbait espero behar dela. Kalapitatik gertuago sosegutik baino.
N. Pelosiren Taiwanerako bidaia mediatiko bezain probokatzaileak abuztuaren hastapenean leherrarazi zuenean ia sei hilabetez su geldoan egosten ari zen ekaitza, eta alde bien arteko harreman politiko-diplomatiko gehientsuenak eteteko imintzioa egin zuen Txinak. Baina gehientsuenok espero/nahi genuen legez, hiru hilabete geroago, Baliko goi-bilkuraren aurreko sukalde-lan eskergaren ondoren, itzuli dira azaroko elkarrizketak, bostekoa emateak eta gainerakoak. Hala ere, alde biek brotxa potoloz margotu dituzte beren marra gorriak. Esan gabe doa Taiwangoa dela Txinaren marra gorri nagusia.
Eta bitarte honetan, hauteskundeak direla medio, errepublikanoek Ordezkarien Ganberaren kontrola berreskuratu dutenez, déjà vu, iraganekoa espero behar da etorkizunerako ere. Urtarriletik aurrera speaker bilakatuko den Kevin McCarthyk behin eta berriz iragarri du Taipeira bisita egitea izango dela bere lehen egitekoetako bat. Beraz...
Abuztuko erantzun berbera espero behar al da “balentria” hori egikaritzen denean? Erantzuna izango duela, ziur. Komeniko da, ordea, gogoan izatea, abuztukoan, AEBekiko errepresalia politiko-diplomatikoak (orain, antza, onbideratu denak), beste bi osagai, ekonomikoa eta militarra, izan zituela alboan. Taiwanen aurkakoak, biak. Eta ez dela oso aztia izan behar ohartzeko guztietan funtsezkoena militarra dela. Eta horretan, bazka propagandistikoak aditzera eman ohi duenaren aurka, Beijingen estrategia ez dela indarra trumilka eta lehenbailehen erabiltzea, baizik indar erakustaldiekin aurkariari –Taiwango armadari, funtsean– ikusaraztea alferrik duela borroka egitea.
Aspaldiko kontua da: “Borroka egin eta gudu guztiak irabaztea ez da bikaintasun gorena; borroka egin gabe etsaiaren erresistentzia haustea da bikaintasun gorena”.(Sun Tzu, Gerraren artea, 3).