Pedro Ayuso Donostiako gotzainak Juan Kruz Mendizabal Beasaingo elizako apaiz laguntzaile izendatu du. Mendizabal ezaguna da adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik. Goierriko Itaiak izendapenaren eta “elizaren inpunitatearen” aurka elkarretaratzea deitu du.
Pedro Ayuso Donostiako gotzaina izan da Juan Kruz Mendizabal “Kakux” elizako apaiz laguntzaile izendatu duena. Jasotako salaketak direla medio, monasterio batera bidali zuen Elizak eta debekatu egin zion publikoki apaiz aritzea, baita adin txikikoekin egotea ere, inguruan heldurik ez bazegoen. Badirudi, ordea, Goierri inguruan hainbat meza eman dituela azken urteetan, eta orain apaiz laguntzaile gisa arituko dela.
Izendapena uztailekoa da eta orain arte oharkabean igaro bada ere, Goierriko Itaiak elizgizonen eta elizaren "inpunitatearen aurka" mobilizatzeko deia egin du. Irailaren 2an, 12:30ean elkartuko dira Beasaingo Bideluze plazan Elizaren inpunitatea borrokatu lemapean.