Irail amaieran itxiko da Kaixomaitia.eus, harremanak aurkitzeko euskarazko webgunea, 17 urteko jardunaren ondoren. Hala jakinarazi du mezu batean bere sortzaileak, urteotan baliabide hau kudeatzen hainbeste lan egin duen Iñigo Arandia Galarragak. Mezuan aipatzen du Arandiak jarraipenerako proposamenak jasotzeko prest dagoela, urte amaierara arte.
2007ko otsailaren 14an San Balentin egunarekin batera plazaratu zen orduan Kaixomaitia.com zena. Harrezkero, 17 urte hauetan, Arandiak kontatzen duenez, "3 webgune bertsio izan dira: 2007an Victor laguna, Botika eta Loturaren artean egina, 2009koa eta 2015ekoa berriz Loturak bakarrik egina eta aplikazio bi Androiderako, Aktingek garatua eta Loturak integratua lehena, 2013an eta BinarySoulek garatua bigarrena 2020an. Ia hastapenetik Loturako lagunak izan dira webgunearen garapen eta moldaketa guztietan bidelagun izan ditudan garatzaile apartak", dio eskertuta Arandiak.
2015ean Kaixomaitua.eus domeinura igaro zen webgunea. Harrezkero ekimen berriei ekin zieten. Kaixomaitia ekintzak (arrakasta gutxirekin nonbait), bloga, inkestak eta “Euskal Herritarron harreman afektibo eta sexualen” inguruko ikerketa, 2016 eta 2020n “Sexuinkesta” delakoa (Aztiker ikerketa gunearekin elkarlanean), “Kontaketa Erotikoen lehiaketaren" 3. edizio ere Elkar argitaletxearekin elkarlanean, kolaborazioak “Harremanak” sexu Aholkularitza taldearekin edota Zuzeu agerkari digitalarekin.
20.000 erabiltzailetik gora izan dira urteotan Kaixomaitia.eus-en izena eman dutenak, 10 milioi orrialde bistaratutik gora, milioi bat saio, 200.000 mezu online trukatuak. 2020an, pandemia urtea, arrakastatsuaren suertatu zen (2.000 erabiltzaile berri eta milioi bat orri bistaratu) baina harrezkero webguneak behera egin zuen, hari eusteak inbertsio, ilusio eta behar berriak eskatzen baitzituen, Arandiak dioenez: aplikazioa eta webgunea eguneratu, sustapenean eta edukien ekoizpenean lan egin eta diru-sarrera egonkorragoak (diru-laguntzak barne) bermatu. "Hau aurrera eramango duen pertsona ez naiz ni jada eta beste proiektu batzuei heltzeko garaia iritsi zait", dio bere mezuan Iñigo Arandiak.
Orain, irail amaierara arte jarraituko du webguneak irekita, izen ematea eta harpidetzak doakoak ditela (hala izan dira azken hilabeteetan), baina hilabetea amaitzearekin kaixomaitia.eus ataria offline geratuko da eta bertara iristean itxieraren berri emango duen mezua egongo da ikusgai.
Hala ere, jarraipen posiblerako aukera irekita utzi du Iñigo Arandiak. "Bitartean lanean jarraituko dut proiektua beste eragile edo norbanako batek har dezan, zuk interesik izango bazenu jarri harremanetan eta hitz egingo dugu. (...) Hau egiteko epea urte amaiera bitarte finkatu dut eta abendu amaiera bitarte jarraipena emango dionik topatzen ez badut behin betiko itxiko dut ataria eta honekin batera webgunearen kode eta jakina datu guztiak behin betiko ezabatuko ditut"
Honela amaitzen da Arandiaren mezua:
"Ez nuke amaitu nahi zuri, urteotan kaixomaitia.eus-engan konfidatu duzun erabiltzaile horri eskerrak eman gabe. Espero dut zure ilusio eta beharrak asebete dituela eta hauek aurrerantzean betetzeko bide berriak topatuko dituzula, euskaraz badira, are hobe.
Bidean ikusiko dugu elkar.
Agur Maitia".
Eskerrik asko zuri Iñigo.