argia.eus
INPRIMATU
Kairoko kaleetan jarraitzen dute Morsiren aldekoek, asteburuko sarraskiaren ondoren
  • Rabá al-Audawiya meskitaren inguruan segitzen dute, kanpatuta, Anaia Musulmanetako kideek. Laurogei hildako zibil utzi ditu asteburuak zifra ofizialen arabera, baina Morsiren itzulera eskatzen jarraituko dutela esan dute presidente ohiaren jarraitzaileek.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 29a
Mohamed Morsiren aldeko 80 manifestari hil dira larunbatean izandako liskarretan.

Larunbat goizaldera izandako istiluek ez dute erantzun handiegirik jaso orain arte estatu kolpea babestu dutenengandik. Salbazio Nazionaleko Fronteak liskarren errudun Anaia Musulmanak egin ditu, “euren arduragabetasunagatik”. Mohamed el Baradei presidente ordeak asteburuko “indar gehiegikeriak” kondenatu ditu. Europar Batasunak ere bake eta elkarrizketarako jarrera hartzeko eskatu du.

Bitartean ordea, Kairon tentsioak gora darrai. Ejertzitoak bere bide orria jarraitzeko Anaia Musulmanei eman zien 48 orduko ultimatumaren ostean iritsi ziren liskarrak. Urriaren 6a kaleraino ailegatzen ziren manifestariak zenbait iturriren arabera, eta larunbat goizaldeko 01.30ak aldera, islamistek adierazi dutenez, poliziak inongo probokaziorik gabe eraso egin zien; lehenengo gas negar-eragileekin eta gero balekin. Ejertzitoak Násser etorbidean frankotiratzaileak zeuzkala adierazi dute manifestari islamistek. Poliziak beste bertsio bat eman du. Diotenez, protestan zebiltzanek balinezko pistolak zeuzkaten, eta eurek gas negar-eragilez bakarrik egin zieten aurre, ez zezaten Urriaren 6a kalea moztu.

Rabá al-Audawiya bilakatu da Morsiren aldekoen epizentro nagusietako bat, eta bertan kanpatuta jarraitzen dute milaka pertsonak, barrikaden atzean.