argia.eus
INPRIMATU
Kaiolatik kanpo

Jon Otermin Benito @jonmaya10 2022ko urtarrilaren 18a

"Bizkarroia edo parasitoa beste espezie bateko banako batekin harreman estuan dagoen espeziea da, ostalaritik onura hartu eta kaltea eragiten diona"

Sarritan bezala, orduak ematen dituzu leihotik kanpora begira, bolada orori so. Urbasaren itzalak hortxe dirau, ikuspegiaren agintari; eta halaxe izanen da gu despeditu ostean. Inori onartuko ez badiogu ere, zeruko hegaztiek liluratzen gaituzte. Hain aske, edonora ihes egiteko pribilegio ezezaguna dutela. Hor, eskutik horren gertura izatea, biziraupen-ariketa bilakatzen da.

Ohituta egon beharko ginateke albistegian monarkia espainiarrari buruzko trapu zikinak entzutera, nahiz eta aparteko lausengari-segizioa izan. Duela hilabete eskas batzuk, urrian, Victoria Federicaren independentziaren berri izan genuen. Izan ere, Juan Carlos de Borbónen bilobak betiko etxea utzi zuen eta bikotearekin bizitzera joan zen. Nora eta Niño Jesús Madrilgo auzora, bere aitonak iraganean finantzatutako etxebizitzara.

"Gurasoen etxean geratzera behartuta daude asko, lan-prekarietatea eta errenta ordaintzeko egin beharreko sakrifizio ekonomikoa direla eta"

“Amarekin egoteak dakartzan erraztasunei agur esan die”, baieztatu zuten hainbat hedabidek. Pentsa ezazue Castellana pasalekuan kokaturiko pisuak 500 metro koadro dituela eta alokairuak hilean 5.000 euro balio dituela. Nork ordainduko du penitentzia anker hori? Aitonak akaso, Arabiar Emirerrietatik bidalitako gutun-azal baten bidez?

Espainiako Gazteriaren Kontseiluak dioenez, 2019ko gazte-emantzipazio tasa 15,8an kokatu zen, azken 21 urteotako daturik apalena. Gainera pandemiaren eraginez egoerak okerrera egin du, etxe bilaketak Homerok idatziko Odisearen antza hartuz. Gaur egun, batezbesteko alogeraren gastuak gazteon soldataren ia ehuneko ehuna eskatzen du: 91,6%. Kaiolatik kanpo luzaroan irautea ia ezinezkoa dugu, beraz.

Gurasoen etxean geratzera behartuta daude asko, lan-prekarietatea eta errenta ordaintzeko egin beharreko sakrifizio ekonomikoa direla eta. “Espainia jabeen herrialdea da”, errepikatu ohi dute azken urteotan, egia balitz bezala. Gure kabuz bizitzeko askatasuna ezeztatzen digute, parasito batzuek odola aterarazten diguten bitartean.