Turismo gidetan agertzen ez den Bilbo horretan proiektu berria jaio da: Kaiene. Erakunde publikoen zain egon gabe, Otxarkoaga langile auzoko hainbat talde eta lagun mugitzen hasi dira espazio komun bat eraikitzeko. Javier Seco proiektukideak azaldu dizkigu helburu nagusiak.
Auzotik auzoarentzat
Kaiene Otxarkoagan sortutako proiektua da. Hainbat talde eta lagun elkartu dira horretarako: familia elkartea, merkatariak, euskararen aldeko mugimendua, hainbat alderdi politiko, Elizatik gertu dauden talde batzuk, errefuxiatuen aldeko taldea eta abar. Bilboko auzoen artean Otxarkoaga da gabezi handiak dituenetako bat. “Behar handiak daude eta horiei erantzuteko asmoa du Kaienek”, dio Secok. Proiektu orokorraren barruan hainbat egiasmo dagoela azpimarratu du: ateneoa, eskola eta errefuxiatuentzako harrera-etxea, besteak beste. Baina, argi dio, ezeren aurretik, Kaiene izango da auzoak aukeratuko duena.
Auzoko bizilagun guztientzat irekia eta erabilgarri izango den topagunea sortu nahi dute, “pentsamendu kritikoa eta harreman horizontalak garatu, aktibismo soziala eta kulturgintza sustatzeko”. Baina horretaz gain, eta hau da proiektu honen berezitasuna, Euskal Herrian ugariak diren gaztetxe edo ateneoen funtzionamenduaz harago, Kaienek harrera etxea ere izan nahi du. Hau da, gatazka armatuetatik eta pobreziatik ihesi Bilbora heldu diren pertsonentzat harrera etxea eta aholkularitza gunea sortu nahi dute. “Bilbon geroz eta gehiago dira errefuxiatuak eta haien beharrak ere larriagoak dira eta horri konponbide praktikoa eman nahi diogu” dio Secok. Errefuxiatuekiko elkartasuna pausu bat harago eraman eta “erakunde publikoen inmobilismoa” gainditu nahi dute.
Igandean hasiera gazi-gozoa
Otxarkoagako eraikin egoki bat begiz jota zuten aspaldi: Enbeita plazan BBKren gizarte ekintzak azken bost urtez abandonatu duena. “Jabetza Bilboko Udalarena da, baina kudeaketa BBKrena da, eraikin hori soilik gizarte zerbitzuetarako erabil daiteke eta guk proiektu egokia dugunez espazio horretarako, Kaiene hor garatzea da gure helburua”. Gauzak horrela, igandean, eraikina okupatzen saiatu ziren, baina haien ezusterako hainbat zinpeko zaindari zen eraikinaren atarian. “Baliteke guk apur bat inozente jokatu izana honetan, eraikina okupatzeko asmoa publikoki gehiegi zabaldu izanagatik”. Eraikin hori ezingo zutela okupatu ikustean, premiazko bilera egin zuten eta erabaki zuten Lope de Vega eskola okupatzea. “Otxarkoagan leku asko daude abandonatuta, hutsik, eta beraz, iganderako antolatuta genuen jai-eguna egin ahal izateko beste leku batera joan ginen eta han burutu genuen egitaraua”. Hainbat hitzaldi, umeentzako jolasak eta herri bazkaria antolatu zituzten. Kaieneren gogoa eta izaera erakusteaz gain, egun batez eskola okupatu izana Udalari eta BBKri presionatzeko era izan zela dio Kaieneko kideak.
Secok azpimarratu duenez, proiektua da Kaiene, ez dago espazio jakin bati lotuta, baina egitasmoak aurrera eroateko ezinbestekoa du eta argi dute instalaziorik egokienak BBK-k bost urtez hutsik duen eraikina dela. “Hasi beharko dugu BBK eta Udalarekin hitz egiten, auzoarentzako leku egokia da, aspaldi dago hutsik, badakigu haiek ez dutela espazio horretarako ezer pentsatuta eta guk, aldiz, auzoan babes maila handia duen proiektu egokia daukagu”. Horrelako proiektuentzat momentu zailak direla aitortu du Secok, Bilboko Udala Santutxuko Karmela gune autogestionatuko kideak kanporatzeko lanean ari delako. “Udalaren jarrera ikusita, ez da erraza izango, baina guk proiektua auzoari zabaltzen jarraituko dugu eta espazioa nola edo hala lortzeko lanean jarraituko dugu”.
Igandeko argazkiak, Ekaitz Zilarmendiren eskutik: