argia.eus
INPRIMATU
Nekazari gazteak eztabaidan Donaixtin
“Zaila da uztartzea libro diren etxaldeak eta martxan ezarri nahi diren proiektuak”
  • Hogoita hamar pertsona baino gehiago bildu da ELB Gazte eta AFI-k antolatzen zuten bigarren kafe instalazioan urtarrilaren 25ean Donaixtin. Jean-Bernard Pochelu eta Intza Recak transmisioa nola bizi eta ikusten duten esplikatu diete Briseteia ostatuan bildu zireneri.

     

Laborari 2018ko otsailaren 05a
Laborantzaren jarraipenaz interesatutako gazteak Donaixtiko Kafe Instalazioan eztabaidan. Hurrengo ekitaldia Atharratzen izango da, otsailaren 22an.

Instalatu berri eta ez hain berri, instalatzekotan eta instalatzeko ideiarekin zirenetaz gain, laborantxa saileko elkarte eta formakuntza zentroko animatzaileak baziren. Mahai inguruan ziren perfil desberdinek frogatzen dute transmizioaren gaia inportanta dela, laborari eta laborantxa saileko eragileen arrangura dela eta ondoko urteetako erronka haundia izanen dela. Transmizio baten gakoa pertsonen arteko harremana dela azpimarratua izan da behin eta berriz.

Lohitzuneko Xemiateia etxaldean plantatu zen Jean-Bernard Pochelu, 1988an. Ardi esnadun eta haragitako behiekin aritu da geroztik. Urte hastapenean erretretan sartu da eta bere emazteak segida hartu du. “Badu orain hamar bat urte badakidala gure haurrek ez dutela segida hartuko, beren bizia egina dute.” Jean-Bernard-ek etxaldearen geroa nola irudikatzen duen argi du: “Berdin zaut nork hartuko duen, zer produkzione izanen den edo nola lan eginen duen, nahi dutan gauza bakarra da Xemiateia bizirik segi dezan, etxaldean bizia izan dadin. Sortetxearen uzteko prest gira ere, beste nunbait biziko gira. Mementoan ez da nehor interesaturik”.

Intza Reca joan den urtean instalatu da bere sortetxean, Oihana eta Elorri, bi ahizpekin. Donaixtiko Larraldea etxaldean ardi gasna ekoizten dute eta Izpurako Bordaxurian arnoa. Burasoak eta oseba ordezkatu dituzte emeki emeki GAEC-an. “2010ean Oihana hasi zen gasnatzen eta 2013an Elorri plantatu delarik arno egiten hasi gira Izpurako mahastiekin. Ni iaz plantatu niz, amak erretra hartu duelarik. GFA bat badugu bastimendu eta lurrendako. Guretako transmizioa errexki egin da, alde batetik emeki emeki sartu baigira GAEC-an eta bestetik aitamak prest baitziren uzteko eta nahi ginuenaren egiten utzi gaituzte. Kontseiluak emaiten dauzkigute beti bainan guk erabakitzen dugu.”

Alde batetik entzuten da instalatu nahi dutenak badirela eta bestaldetik Xemiateian bezala, etxaldeak arrahartzalerik gabe ikusten dira. Egoera horren esplikatzeko faktore desberdinak badira. Camille Vignerot Euskal Herriko Laborantxa Ganbaran instalazioaz arduratzen da: “Proiektu eramaile andana bat HCF [nekazari ez diren familietan haziak, Hors Cadre Familial frantsesez] dira eta produkzione berrietan plantatu nahi dute, arbol fruitudunak, baratzegintza. Lur guti galdegiten duten proiektuak dira eta arrahartzeko diren etxalde gehienetan lur ainitz bada. Zaila da uztartzea libro diren etxaldeak eta martxan ezarri nahi diren proiektuak”.

Sensibilizatze lana bada uzleak ohart ditezen eta onart dezaten heien etxaldean beste zerbait egiten ahal dela, beste manera batez eramanez. Proiektu eramaileek aldiz malgutasuna atxiki behar dute irizpideetan.

Lan eta familia harremanak

Ardura aipatzen bada familia testuingurutik kanpo instalatzen direnendako zaila dela transmizioa, familiako segida hartzen dutenek ere zailtasunak bizitzen ahal dituzte. “Ez da beti errex familiako segidaren hartzea, lan harremanaz kanpo familia harremana ere baita. Bien uztartzea zaila da batzutan”, zion gazte batek.

Transmizioaren gaiaz aparte, beste gai frango jorratu dira, hala nola emazteen lekua laborantxan, lanean aritzeko erritmoa edo harreman eta ingurumen sozial baikor baten inportantzia instalatzen delarik. Berriz ere parte hartzaileen kopuruak agertarazten du Kafe Instalazio gisako ekitaldiek egiazko behar bati erantzuten dutela. Ondoko hitzordua Atharratzeko Prefosta elkartean izanen da otsailaren 22an, 21h, bortuaren inguruan.