argia.eus
INPRIMATU
“Kable bilketa” gisa definitu du EH Bilduk Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez gelditzeko erabakia
  • Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 29a
Gernikan egindako agerraldia. // Argazkia: EH Bildu

Proiektuaren “bideragarritasuna” aztertzeko, bi urtez Guggenheim Urdaibai gelditzeko erabakia jakinarazi zuen EAJk iragan astean. “Hausnarketarako” egindako etenaldiak hautsak harrotu ditu, eta EH Bilduko senatari eta Bermeoko alkate ohi Idurre Bidegurenek EAJren kudeaketa kritikatu du, larunbatean Gernikan egindako agerraldian.

Adierazi duenez, “kable bilketa” bat izan da EAJk hartutako erabakia, gogoratu baitu ostiralean EAJk Busturialdea bultzatzeko plana eraman zuela Eusko Legebiltzarrera, eta bertan ez zegoela Guggenheim museoa: “Horregatik ulertzen dugu kable bilketa bat dela. Ezin dugu beste era batera interpretatu; izan ere, gogoratu, duela hilabete gutxi egindako udal eta foru hauteskundeetara Guggenheim proiektua Urdaibai Busturialdea biziberritzeko proiektu nagusitzat hartuta aurkeztu zen EAJ”.

Halaber, gaineratu du “kudeaketa krisi” berri bat izan dela alderdian: “Kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat da hau, horregatik esaten dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela berrikuntza politikoa gure herriaren zati honetan”.

EH Bilduko kideek “zorroztasun eta seriotasun gehiago” eskatu diote EAJri, eta “elkarrizketarako eta akordiorako” eskua luzatu diote. Proiektu estrategikoak aldarrikatu dituzte, etorkizun ekonomiko eta soziala markatuko dituztenak, eta azpimarratu dute Busturialdearen beharrizanetan oinarrituta hartu behar direla erabakiak: “Argi daukagu Busturialdearen etorkizuna ezin dela New Yorken erabaki. Biosfera erreserba batean bizi gara eta hemen lan egin eta bizi nahi dugu”.