argia.eus
INPRIMATU
Sodena
Kabiar ekoizpena garesti atera zaio Nafarroako Gobernuari
  • Nafarroan kabiarra ekoizteko ahalegina garesti atera zaio herrialdeko altxor publikoari, Caviar Per Sé enpresak porrot egin ondoren.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko irailaren 24a

Nafarroako Sodena elkarte publikoak 8,7 milioi euro inbertitu izan ditu 2008tik gaurdaino Esa urtegitik behera kokatutako arrain-haztegian. 2008an hasi zen inbertsioa Piscifactoría Sierra Nevada SL-ren %19,5 erosi zuenean. Proiektuaren oinarria zen Esan gaizkata edo esturoi haztegia jarri eta arraina hil gabeko teknika baten bidez arraultzak ateratzea. Horrela pixkanaka gaizkata kopurua handitu egingo zen denborarekin eta baita kabiar produkzioa ere.

Teknika horrek, ordea, zapore eta testura desberdina ematen dio kabiarrari eta, produktua ez zen espero bezala saldu, ostegunean Diario den Noticias-ek azaltzen duenez. Horren ondoren, enpresak negozio eredua aldatzea erabaki zuen eta, besteak beste, kabiarra arraina hilez ateratzen hasi zen. Une horretan Sodenak beste 4 milioi euro jarri zituen proiektuan enpresaren %88a eskuratuz.

2009an eta 2010ean ez ziren bete salmenta aurreikuspenak. Urterik onenean enpresak ez zituen 2,05 milioi euroko salmentak gainditu eta 2011tik aurrera galerak besterik ez zituen egin. 2009 eta 2013 artean 9,5 milioi euro galdu zituen. 42 langile izan ditu garai onenean eta egun 12 bat ziren.

Senda Viva eta Iberdrola

Nafarroako Kontuen Ganberak Sodenak egindako hainbat inbertsio zalantzan jarri zituen 2014an egindako azterketaren bidez. Iberdrola, NOI eta Senda Vivan egindako inbertsioak  kritikatu zituen orduan.

Senda Viva izan ohi da proiektu zalantzagarrienetakoa, 2001ean abian jarri zenetik ez duelako bururik altxatu eta galera handiak ekarri dizkiolako altxor publikoari. Iaz Kontuen Ganberak egindako txostenaren arabera, Senda Viva 9 milioi euroko inbertsioarekin abiatu zen eta horietatik %45 Sodenak jarri zuen.

2005etik aurrera, aldiz, beste bazkideek ez dute inongo kapitalik jarri, Sodena administratzaile bakar gisa geratu da eta 74 milioi euro jarri ditu, horietatik 14 abal gisa. 2014ko datuetan parkeak 33 milioiko galerak izan zituen.

Sodenako gestiorik kritikatuena, alabaina, Iberdrolaren akzioen sal-erosketaren kudeaketarena izan da. 2004an hasi zen operazio hura eta Nafarroako Gobernuak Iberdrolaren %1 eskuratu zuen. 2014an saldu zituen akzioak, baina dirua galduz, esperotako 280 milioiak eskuratu beharrean 154 eskuratu baitzituen, Joxerra Senarrek CAN: Eta hemen ez da ezer gertatu liburuan azaltzen duenez.