argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Aldundiaren zaharren egoitza batzuen euskara eskakizunak “neurriz kanpokotzat” jo ditu Donostiako auzitegi batek
  • Kabia organismoaren zaharren egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi du Donostiako epaile Gonzalo Pérez Sanzek. Gipuzkoako Aldundiaren erakundeak jarritako hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela dio epaileak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko urriaren 24a
Euskararen kontrako erabaki judizialak salatzeko manifestazio bat.

Gipuzkoako Aldundiaren Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak "neurriz kanpokoak" direla ondorioztatu du Gonzalo Pérez Sanz epaileak, ARGIAk baieztatu duenez epaia eskuetan. 2022an salaketa jarri zuten bi langileei arrazoi eman die Gonzalo Pérez Sanz epaileak: oinarrizko eskubideen urraketa egon da eta euskara eskakizunek enplegu publikorako sarbidea "mugatu" diete bi langileei.

Hori horrela, Eibar, Irun, Oñati, Bergara eta Tolosako adinekoen egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi du Donostiako auzitegiak. Zehazki, 49 lanpostutan euskarazko B1 eta B2 mailak eskatzeagatik baliogabetu du lan-eskaintza, hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela iritzita.

Erakundearen esku diren hamasei adinekoen egoitza eta eguneko zentro gehienetan B2 maila beharrezkoa da zaintzaileendako, baina badira B1 maila eskatzen dutenak ere. Eskakizun horiek euskararen normalizazioa "maximizatzeko" xedez finkaturikoak direla dio epaileak eta langileen eskubideak "urratu" dituztela: "Euskaraz dakiten eta gazteleraz dakiten langileen arteko aldea handia da". Hots, euskara "gehiegi" baloratzen da postu batzuetan.

Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, helegitea aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak epaiaren kontra.