Ez nuen usteko egun batean zozoarekin komunikatzeko gai izango nintzenik. Miraria duela bizpahiru urte gertatu zen. Atarian geundela, zozo bat zalapartan entzun zen baratzean, zer arraio zen begiratzera joan eta erdiko pasabidean katua, ondoan tomate-makila gainetik txoria ttuk-ttuk-ttuk salatari. Baratzea zeharkatu nuen katua uxatzeko eta xoxoaren aldamenetik pasatzerakoan ez zuen alde egiteko zirkinik ere egin. Arraioa, etsaiaren etsaia izateagatik laguntzat hartu ote nau, pentsatu nuen.
Txoriez ni naizen kalekumeak baino esperientzia handiagoa dutenek jakingo dute hobeto baina bistakoa da zozoak badituela helburu ezberdinei lotutako kantu oso ezberdinak: Santa Lutzitatik hasten da arra emeen arteko propagandan, umatzeko denboran entzungo duzu bikotekideari kontutxoak esaten bezala txiruliruli, ar zein eme lurraldeagatiko liskarretan zalaparta deigarria egiten du… eta etsai bat sumatutakoan ttuk-ttuk-ttuk nabarmena, ingurukoak ohartarazteko. Maite ditugu zozoak, gure ortuko goldelariak. Etsai gutxi edukiko dute beldurgarriagorik gizakion bazkide naturalak diren katuak baino. Barrioan ugaritu direnek bederen ez dute begano bizitzeko asmorik: kale ertzean errukia pizten dizun pitxitxi zoragarri hori noizbait ikusten baldin baduzu arbolaren enborra eskalatuta adarretan barrena tigre baten keinuekin ehizean, konbentzituko zara. Etxe inguruetako gure azken lur-muturrak soropil antzu eta are hormigoi ere bilakatu ditugunetik, zozoak eta geratzen diren gainerako txori urrituak gozo laketzen diren azken txokoak dira baratzeak eta oraindik udaletako arkitektoek urbanizatu arazi gabeko bazterrak, jateko xomorroak eta aterpetzeko zuloak eskaintzen dituzten bakarrak. Horietara doaz ehizera katuak ere, txoririk ezean gutxienez sugandilaren bat harrapatzeko esperantzan. Horra, ttuk-ttuk-ttuk ari da berriro xoxo emea. Ez du huts egiten. Etxekoneko puma txiki nabarretako bat dabil txoriei zer edana eduki dezaten ipinitako ontziaren inguruan. Egia da inguruotan ez dela gehiago ikusten ez arratoi eta ez sagurik, baina akabo ere udaberrian amari zizare gehiago txi-txi exijitzen dioten zozokume buztangabe inozoak. Pitxitxik ez du errukirik.