argia.eus
INPRIMATU
Justiziako langileek lanuzteak hasi dituzte Hego Euskal Herrian eta greba egingo dute asteazkenean
  • Espainiako Gobernuan Justizia Administrazioko antolakuntza aldatzeko legea tramitatzen ari dira, eta sindikatuek salatu dute langileak ez dituztela kontuan hartu.  Apirilaren 17tik aurrera lanuzteak egingo dituzte goizero, eta apirilaren 19rako greba deitu dute.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 17a

Apirilak 17tik aurrera lanuzteak egitera deitu dituzte justiziako 3.100 langile Hego Euskal Herrian. Egunero hiru orduko lanuzte mugagabeak iragarri dituzte, 10:00etatik 13:00etara. Horrez gain, egun osoko greba iragarri dute apirilaren 19rako.

Espainiako Estatuan egindako deialdia da, CCOO, STAJ, UGT eta SCIF sindikatuek deituta. Nafarroan LAB eta APAFNA ere batu dira deialdira, eta EAEn LABek eta ELAk deialdi propioa egin dute.

Espainiako Gobernua lege bat ari da tramitatzen, justizia administrazioaren antolakuntza aldatzeko. Sindikatuek salatu dute lege aldaketan ez dituztela langileak kontuan hartu. CCOOk astelehenean Iruñean egindako mobilizazioan azaldu du akordioa Ogasun Ministerioak eta justizia administrazioko abokatuek egina dela, eta azken horiek justiziako langile guztien %6 inguru baino ez direla. Hortaz, azpimarratu du handitu egingo dela justizia administrazioko abokatuen eta langile orokorren arteko arrakala.

Horregatik, sindikatuek eskatu dute legearen tramitazioa bertan behera uzteko Espainiako Parlamentuan, Justizia Administrazioko mahai sektorialean akordioa lortu arte. Justizia administrazioko langileen soldata igoera ere eskatu dute; postuaren arabera, 350 eta 430 euro arteko igoerak.

ELA eta LABen aldarrikapenak

Euskal Herriko bi sindikatu nagusiek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez dituela justiziako langileen soldata eta erretiro baldintzak parekatu EAEko administrazio orokorreko langileen baldintzekin. Zehazki, administrazio orokorrekoek justizia auzitegikoek baino %13 gehiago irabazten dute.

Azaldu dutenez, azken hamabi urteetan bilera ugari egin dituzte auzia mahaigainean jartzeko. Eusko Jaurlaritzarekin azken bilera martxoaren 31n izan zuten, baina Jaurlaritzak ez du "erantzun positiborik" eman.

Horrez gain, Genero Indarkeriaren Epaitegietako langileei lansari osagarria aplikatzeko ere eskatu dute.