argia.eus
INPRIMATU
Justizia klimatikoa eskatzeko protestak egin dituzte Glasgowko goi-bileraren harira
  • COP26 bileraren aurka Eskoziako hiriburuko kaleak hartu dituzte larunbatean 100.000 pertsona inguruk. Donostian eta Bilbon ere elkarretaratzeak egin dituzte, eta agintariei hitzetatik ekintzetara pasatzeko galdegin diete.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 08a
Donostian eta Bilbon elkarretaratzeak egin dituzte klima aldaketari aurre egiteko agintariei ekintzak galdegiteko. / Argazkia: @haritzalde

Urriaren amaieratik Glasgown (Eskozia) bilduta daude nazioarteko buruzagi politikoak, klima larrialdiari aurre egiteko erabakiak hartzeko asmoz. Larunbatean kalera atera dira 100.000 herritar inguru, COP26 Coalition manifestazioaren deitzailearen arabera. “Justizia klimatikoa” aldarrikatu dute askotariko eragileek, eta horretarako “sistema aldatzea” beharrezkoa dela gogorarazi. Herri indigenetako ordezkariak martxaren buru izan dira, aktibismo klimatikoaren sinbolo gisa; halaber, parte hartu dute sindikatuek, gazteek, mugimendu feministak eta nekazariek. Ohartarazi dute ez dagoela denborarik egoera iraultzeko, ezta “B planetarik” ere.

Donostian eta Bilbon

Munduko hainbat hiritan ere izan dira protestak, horien artean Donostian eta Bilbon. Larunbat goizean Kontxako hondartzan bildu dira hainbat mugimendu sozial eta ekologistetako kideak, Larreko Mahaiak deituta, eta “Klima ez da negozioa” leloa osatu dute aterkiekin. Salatu dute Glasgowko goi-bilerak ez dituela klima larrialdiari aurre egiteko irtenbide errealak ematen. Plataformak aldarrikatu du ez dela nahikoa azaleko aldaketak egitea, baizik eta materialen eta energiaren kontsumoa murriztu behar dela, eta “hazkunde ekonomiko globala” gelditu. Aldaketak “orain” behar direla azpimarratu zuten.

Arratsaldean, Bilbon egin dute protesta Aldaketaldia plataformak deituta, eta agintariei hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diete, “Denbora agortzen ari zaigu, justizia klimatikoa orain” lelopean. Gainera, kritikatu dute nazioarteko biltzarrean herrialde txirotuek duten parte hartze txikia, kontuan izanda haiek ari direla klima aldaketaren ondorio larrienak pairatzen.

Metamorfosi ekologikoa geldirik Ipar Euskal Herrian

Bizi! plataformak COP26ren bileraren testuinguruan aurkeztu du Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko txostena. Larunbatean argitaratu dute, eta salatu dute aztertutako herri ia denek ez dutela ekintzarik egin klima larrialdiari aurre egiteko. Jarraipena egin dieten 56 Herriko Etxeetatik (Euskal Elkargoko biztanleen %87 bertan bizi da) 40 oraindik trantsizio ekologikoaren 0 fasean daude. Jakinarazi dute Lapurdiko Baiona eta Itsasu direla 1. fasera igaro diren bakarrak.