argia.eus
INPRIMATU
Justizia feminista eta prozesu kolektiboen beharra
  • Makina bat hilabete dira Foro Sozialeko Lantalde Feministatik justiziaren inguruko gogoetari bueltaka hasi ginena. Hori dela eta, 2019. urte hasieran, “Justizia Feminista Mintegia” izeneko gogoeta prozesua zabaldu genuen beste feministekin batera eta Durangon egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan ponentzia bat aurkeztu genuen.

Olatz DaƱobeitia Ceballos Joana Etxano Gandariasbeitia 2020ko ekainaren 22a

Orain, 2017ko Nik Sinisten dizut: emakumeen egia aitortu ekimena eta 2019an justizia feministaz hausnartzeko sortutako euskarriak zabaltzeko asmoz, webgunea ireki dugu: justiziafeminista.eus. Bertan, geure ekimen propioez gain, eraikuntzan dagoen genealogia baten erakusgarri diren beste esperientzia kolektiboak ere jasoko ditugu.

Hori dela eta, arreta handiz jarraitzen ditugu gure jendartean auzi honen inguruan sortzen diren prozesu, gatazka eta gogoetak. Gaude Justizia Feminista eraikitzeko premia zauri moduan irekitzen zaigula aldiro. Dela emakumeon aurkako askotariko indarkeriarekiko legitimazio diskurtso eta sententziak entzuten ditugun bakoitzean. Dela gure bizitzek -minek, zauriek, iritziek- balio ez dutela begibistan geratzen zaigun aldi guztietan. Dela indarkeria gauzatu dutenak goraipatu eta babesten direnean. Dela gero eta zabalagoak diren esparruetan eraso matxisten aurkako protokoloak martxan ipini eta kontraesankorrak, zailak eta konplexuak diren bideei ekiten diegun bakoitzean. Dela egiturazko arazo sozial, kultural, politiko eta ekonomiko hau jarrera punitibistez konpontzeko tentaldia dugunean.

Mugimendu feministak metatu duen esperientziak erakusten du indarkeria matxistak jasan dituzten eta horren salaketa formala egitea erabaki duten emakumeei babesa eskaintzea baino, justizia-sistemak emakumeen arrisku eta zaurgarritasun egoera areagotzen duela. Gainera, egungo justizia-sistemak “errudunaren” zigorra kokatzen du erdigunean, erantzukizun kolektiboa, “biktima” babestea eta berarekiko elkartasuna bermatzea lehentasuntzat hartu gabe.

Haatik, justiziaren helburuak hauxe behar luke izan: egindako minaren aitortza eta erreparazioa, eta honekin batera, berriro ez gertatzeko bermea. Ildo horretatik, zigorraren logika, eta bere adierazpen nagusia den kartzela barne, kolokan jartzen duen eztabaidari ekin behar diogu.

Izan ere, egia soilik uler daiteke gertaeraren aitortza eta sozialki partekatze prozesu baten baitan ulertzen baldin badugu, alegia, gertatutakoa sozialki onartzen baldin bada. Zoritxarrez, egun, egia instituzionalak edo judizialak du sinesgarritasun osoa. Guri aldiz, erantzukizunaren inguruko hausnarketa interesatzen zaigu, ez hainbeste legearen arabera delitua den ala ez, baizik eta ekintzek egindako mina erreparatzeari begira, eta ez bakarrik maila indibidualean, baizik eta ikuspegi kolektiboan eta erantzukidetzan oinarrituta. 

Horregatik, Justizia prozesu bezala ulertu eta bere dimentsio kolektiboa aldarrikatu nahi dugu. Justizia, banatzen den zerbait baino, eraikitzen den zerbait delakoan gaude, eta beraz, subjektu ezberdinen parte hartzea eta tresna ezberdinak (materialak, kulturalak…) izatea eskatzen dituen prozesua. Justizia, erakundeetatik kanpo kokatzen badugu, pertsona guztiek parte har dezakegun espazioez hausnartu dezakegu. Eta honek guztiok interpelatzen gaitu: trapu zikinak ezkutatu nahi dituztenak eta etxean garbitu nahi dituztenak, baina baita zakarrera botata dena konpontzen dela uste dutenak, eskuak garbitu nahi dituztenak edo mendekuan tematzen direnak. Gure ustez eskuak zikintzea halabeharrezkoa da. Hortaz, bide berriak eta askotarikoak ibiltzeko ardura dugu, horiek guztiak beraien artean osagarri modura ulertuz eta ez kontrajarri edota ordezkagarri gisa. Justizia, injustizia sortu eta banatzen duten erakundeen esku soilik uztea akatsa litzateke, erakunde publiko guztien erantzukizuna, komunitate lanak ordezkatzea litzatekeen legez, edota jendarte osoaren ardura emakumeon -edo feministen- bizkar uztea litzatekeen bezala.

Bide berri horiek jorratzen ari dira herri eragile eta mugimendu feministatik abiatu diren ekimen asko zein sortu dituzten tresnak; izan protokoloak, izan emakumeen eskubideen tribunalak, aitortza eta erreparazio ariketa herritarrak, egia eraikitzeko herri ekimenak, edo mindutako emakumeen arteko elkartasun eta babes sareak. Lerro hauetan, tresna horiek guztiak perfektuak zein osoak ez direla jakinda ere, aldarrikatu nahi ditugu, ausartak izan behar baitugu mundu-bizitza antolaketa berriak asmatu ahal izateko.

Artikulu hau ondorengo lagunek ere sinatu dute: Foro Sozialeko Lan talde Feministako Arantza Urkaregi, Mari Luz Esteban, Maite Barreña, Amaia Zufia, Nagore Larrazabal.