argia.eus
INPRIMATU
Justizia euskaraz, oztopoz beteriko bidea

Haizea Nuñez Palacio @haizea_nunez Mireia Mochales Zumelaga @mireia_m_z 2016ko martxoaren 17a

Espainiako Konstituzioko 3.2 zein Gernikako Estatutuko 6. artikuluak, euskararen ofizialtasuna aitortzen dute Euskal Autonomi Erkidegoan. Era berean, Botere Judizialaren Lege Organikoko 231.3.artikuluan eta Euskararen Erabilpena arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 9.artikuluan, Justizia Administrazioarekin harremanetan herritarrek euren hizkuntza ofiziala baliatzeko duten eskubidea aitortzen da.

Legedia hori ardatz hartuz, lan handia egin da azken urteotan euskararen normalizaziorako, baita Justizian ere, baina zenbaitetan aurrerapauso teoriko horiek, bide malkartsua izaten dute praktikan.

Auzitegian euskaraz aritzeko eskubide horrek zailtasun ugari izaten du egunerokoan. Adibidez alderdien aitorpenen iraupena luzatu egiten da, eta deserosoa izaten da ahozkoan dena itzuli behar izatea. Galderak euskaraz egin ostean, gaztelera itzuli behar ditu itzultzaileak, eta ondoren euskaraz erantzuten dira, horiek ere gaztelerara itzuliz. Horrek, noski, eragina du erabakimena duen epailearengan, baina eskubidearen egikaritza da.

Ongi ezagutzen dugu justiziaren atzerapena, denbora falta; eta zoritxarrez, aurrekoan denbora falta horren emaitza eskubideen urraketa izan zen

Justizia zama astuna da, eta astuna bilakatzen da askotan jarduna. Nahi baino gehiago luzatzen dira epeak; erlojuaren aurkako lasterketa izan ohi da egunerokoa. Horren adibide da duela bizpahiru aste Donostiako auzitegian gertatu zitzaiguna. Epaitegietan aritzen garenok, ongi ezagutzen dugu justiziaren atzerapena, denbora falta; eta zoritxarrez, aurrekoan denbora falta horren emaitza eskubideen urraketa izan zen.

Gure defendatuak euskaraz aitortzeko eskubidea egikaritu nahi, eta hala jakinarazi genion auzitegiari, garaiz, egunean bertan itzultzailea epai-gelan izan zedin. Ohikoa denez, gure galderak euskaraz prestatu genituen, gure ordezkatuak euskaraz erantzun zitzan. Baina epaileak, nekatua izaki, eta kontu astun hura laburtu asmoz, aitortzaileari bere defentsak galderak gazteleraz egin, eta hark euskaraz erantzun zitzan galdegin zion, kontua arindu asmoz. Ez diogu fede txarrez egin zuenik, inolaz ere, baina azkartasun asmoak eskubide murrizketa bat eragin zuen. Gorengo botere baten aldetik gauzaturiko eskubideen urrapen bat.

Askotan, baina, unean bertan ez gara kontziente honelako “txikikerien” eraginaz. Aipatu berri dugun kasura itzuliz, ordezkatua ez zen gustura sentitu, eta galderak gazteleraz entzuteak ohartu ere egin gabe, gazteleraz erantzutera bideratu zuen zenbaitetan. Esfortzu bikoitza egin behar izan zuen bere eskubidea egikaritzeko, eta guztia denbora faltaren aitzakipean. Guk ere, inprobisazio eszena hartan, unean bertan itzuli behar izan genituen gaztelerara euskaraz prestaturiko galderak. Kasu hau adibide huts bat besterik ez da, txikikeria eta denbora falta horrek dakarren, borondate faltaren adibide bat gehiago.

Argi ikusten da hizkuntza bat denbora galera kontsideratzen den heinean, botere harreman baten baitan, agintzen duen hizkuntza bat badela denbora eta espazioaren praktika juridikoan

Argi ikusten da hizkuntza bat –euskara kasu– denbora galera kontsideratzen den heinean, botere harreman baten baitan, agintzen duen hizkuntza bat badela denbora eta espazioaren praktika juridikoan; inkontzienteki bada ere. Horren ondorioz, pentsa daiteke Justizia Administrazioaren aurrean ez dagoela euskara berdintasunez erabiltzeko eskubiderik, ezin diolako, osoki egikaritzen den beste edozein eskubidek egiten duen bezala, botere gehiago duenari mugarik jarri.

Normalizaziorako bidea luzea izango da, oztopoz betea, “txikikeriaz” betea, eta eguneroko traba horiek dira gainditu behar ditugunak. Unean bertan agertu behar genuen gure kexa ziurrenik, baina epai-gelan izaten diren interesak lehentasunezkoak dira, eta argi dagoena da honelako kexek, oraindik ere, eragina izan dezaketela epailearen iritzian; azken erabakian. Epaia da garrantzizkoena, baina ez dugu ahaztu behar, noizbait azken erabaki hori euskaraz izan dadin guztioi dagokigula gure txikitasunean eta egunerokoan lan egitea.

Mireia Mochales eta Haizea Núñez, Atzieta Kolektiboko abokatuak dira.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera