argia.eus
INPRIMATU
Kortxoenea gaztetxearen desalojoaren epaia
“Justizia espekulatzaileekin lerratu da beste behin”
  • Heldu da Kortxoeneak epaitegietan jarri zuen salaketaren epaia: Eraikuntza enpresa absolbituta. 2015eko azaroaren 3an Donostiako Gros auzoan zegoen Kortxoenea gaztetxea desalojatu zuten aurpegian estalita eta metalezko barrak zituzten hainbat pertsonak. Ondoren, eraikina eraitsi zuten. Kolektiboko kideek salaketa jarri zuten. "Justizia espekulatzaileekin lerratu da beste behin, eraikuntza enpresako kideak barkatu dituzte", jakinarazi dute prentsara bidalitako ohar batean. Bere garaian eman zuten testigantza berresten dutela adierazi dute bideo batekin.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko maiatzaren 21
Hondeamakina Kortxoenea gaztetxea eraisten.

"Euskal Herrian ez dira ohikoak izan Kortxoeneakoa gisako okupazio publiko eta kolektibo baten aurrean epaitegi eta polizien esku hartze zuzenik gabeko desalojoak, nahiz eta Espainiako Estatuan maiz bizi izan dituzten halako egoerak", diote bideoan. Gaiarekin lotuta, La Directak egindako erreportajea irakurgai dago euskaraz: Paramilitarren eta ultraeskuindarren enpresa batek etxe-kaleratze estrajudizialak egiten ditu.

"Sententzia bera eta hark dakartzan ondorioak salatu nahi ditugu. Aurrekari arriskutsu izan zitekeenaren kezka plazaratu genuen. Badakigu auzitegiak ez direla sekula gure borroka eremu naturala izan, baina egoeraren larritasunaren aurrean, eta halakoak Euskal Herrietan zabalduko ziren kezka ikusirik, horren arrotza zaigun epaitegien bide arantzatsua ere jorratzeko hautua egin genuen".

"Gaurkoan –jarraitzen dute abokatuek– inoiz baino argiago erakutsi digute epaitegiak sistema anker honen katebegi direla eta euren legeak betetzeko beharrik ere ez dutela, zigorgabetasunaren bandera harro erakutsiz".

 

 

 

 

 

 

 

Bideoarekin batera bidali duten e-posta honela amaitu dute: "Honekin batera adierazi nahi dugu arrazoi bat gehiago dugula kalera ateratzeko, eta #BizitzaDaHandiena kanpainan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu, kalean ikusiko dugu elkar!".

Gaiarekin lotutako informazioa

Kortxoenea, irautea sortzea delako dokumentala sarean ikusgai Dokumentalen kanalean.

Kortxoenea gaztetxearen eraisketa, erreportajea Topaturen eskutik.