argia.eus
INPRIMATU
“Justizia” eskatu dute Elhadji Ndiayeren heriotzaren bosgarren urteurrenean
  • Africa United elkarteak prentsaurrekoa eman du Espainiako Poliziak atxilotu zuen toki berean. Estatuak gertatua “isilarazi” nahi duela eta Ndiayeren familiak ez duela inolako kalte ordainik jaso salatu dute.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 25
Argazkia: ahotsa.info

Bost urte joanagatik, kasua argitu gabe jarraitzen duela salatu du Africa United elkarteko Modou Faye Beltxa bozeramaileak: “ Atxiloketaren hainbat xehetasun ilunpean dira oraindik: zergatik atxilotu zuten? Nola hil zen, kasualitatez, Poliziaren esku zegoela?”. Lekukoek grabatutako bideoak erakutsi zuten moduan, 2017ko urriaren 25ean Espainiako Poliziak Ndiaye atxilotu zuen Iruñeko Marzelo Zelaieta kalean. Bortizki lurrera bota eta inmobilizatu egin zuten hainbat minutuz, arrastaka eraman zuten arte. Ordubetera hilda zegoen, General Chinchilla komisarian. Hurrengo egunean auzi medikuak ebatzi zuen “kausa naturalengatik” hil zela jatorri senegaldarreko Arrotxapeako bizilaguna.

Justizia eta kalte ordaina

“Ez dugu inoiz sinetsi bertsio ofiziala”, adierazi du Fayek prentsaurrekoan. Espainiako Estatua kasua isilarazi nahi duela salatu du, “ baina Africa Unitedek ez du halakorik onartuko. Justizia eta ordaina exijitzen ditugu. Ez diegu amore emanen xantaiei, ezta bidean jartzen dizkiguten trabei ere”. Azaldu du Ndiayeren senide batek salaketa jarri zuela Espainiako Poliziaren aurka, eta horren ondorioz familiari kalte ordaina ordaintzeko prozesu bat abiatu zela. Baina gaur egun Ndiayeren alargunak ez du prozesuaren inguruko inongo informaziorik: “ Elhadjiren alargunak eta seme-alabek ez dakite deus ere, ez dute dirurik boligrafo bat erosteko ere”. Africa United eskatu du kalte ordaina emateko familiari, eta “ egin dadila justizia eta argitu dadila auzia”.