argia.eus
INPRIMATU
Jusapolen antzerako elkarte bat sortzea aztertzen ari dira hainbat ertzain
  • El Salto-k argitaratu duenez, Jusapol bezalako elkarte bat sortzeko aukera aztertu dute hainbat ertzainek. Soldataren eteten aurrean diru sarrerak ziurtatzea eta zigorren aurrean aholkularitza juridikoa eskaintzeko tresna bila ariko lirateke.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 09a
Ertzainak Indarbidez mugimenduak Bilbon egindako manifestazioa. Ertzainak Indarbidez mugimenduak Bilbon egindako manifestazioa.

Hainbat ertzainen arteko elkarrizketak argitaratu ditu El Saltok, eta jakitera eman du Jusapol (Guardia Zibilen eta Espainiako Poliziaren elkarte ultraeskuindarra) bezalako elkarte bat sortzeko aukerak aztertzen ari direla.

Ertzaintzen artean dituzten Whatsapp talde batean izandako audio trukaketa eskuratu du El Saltok, eta horietako batean Intxaurrondoko guardia zibil batek ertzainekin izandakoa dago. Guardia zibila Jucil elkarteko (Jusapoleko adarra) kidea da, eta ertzainen artean antzerako elkarte bat sortzeko konbentzitzen saiatzen da. Horretarako, soldata etenez gero, Jusapol bezalako elkarte batean afiliatuta egoteak ematen dituen "abantailak" –soldata urtebetez kobratzen jarraitu edota aholkularitza juridikoa– azaltzen dizkie hainbat ertzaini.

Negoziazioetan indar gehiago edukitzeko tresna ere badela azpimarratu du guardia zibilak eta bide batez, ohiko sindikatuak alde batera uzteko bidetzat proposatu du: "Elkarte bat sor ezazue, eta ea horrela lotsagabe hauek gainetik kentzen ditugun”.

El Saltok azpimarratu duenez, proposamen hauek ez dute aurkako iritzirik jaso Whatsapp talde horretan. Areago, elkarte baten sorrerako balizko bozketez ere hitz egin dute.

Arazoa oinarrian
"Dena lehertu da, eta kezkatzen gaitu Espainiako Polizia Nazionalean, Guardia Zibilean eta Mossoetan ikusi ditugun antzeko pausoak Ertzaintzan ere emateak eta mezu autoritarioek bidea egiteak", dio  Ertzaintzan ELA sindikatuak duen bozeramaile Tomás Rodríguezek. Ertzaintzaren barruan piztu den azken polemikaren harira oinarrizko bi arazo azpimarratu ditu: "Batetik, ertzainak aukeratzeko irizpideak ez dira inolaz ere pluralak, ez ideologikoki ezta kulturalki ere. Bestetik, ertzainek jasotzen dituzten formazioetan ez dira oinarrizko gaiak jorratzen, hala nola oinarrizko giza eskubideak eta arlo sozial eta laboraleko eskubideak".