argia.eus
INPRIMATU
Juppék ezezko biribila Fillon ordezkatzeari
  • Alain Juppék duda-muda guztiak uxatu ditu Bordeleko Herriko Etxean eman berri duen prentsa-aurrean. Les Républicans-eko (LR) sektore batzuek asteburuan zentro-eskuineko auzapez interpelatu dute Fillonen ordezkoa izateko. Juppék “berandu da” guztizko batez erantzun die.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko martxoaren 06a
Alain Juppék ezezkoa eman dio Fillon ordezkatzeari.

Frantzia gaixorik dago esan du Bordeleko auzapezak. Alabaina, “ni ez naiz presidentzialetarako hautagaia izanen”. Frantziako politikaren hondamendiaren ertzean da. Dena den, “berandu da niretzat, edo berant heldu zarete niregana”.

Bere hitzetan, frantziarrentzat ez da berant ordea. François Hollande presidentearen "Bosturteko" kaskarra deitoratu du, ezkerra zatituta dago eta burua altxa ezinean. Europa hondoratu nahi duen Marine Le Pen-en Fronte Nazionala gaitzetsi du. Emmanuel Macron-en politika engainagarria deitoratu… Zentro-eskuina omen da zentzuzko alternantzia bakarra.

Nola baina?

Juppé duda-mudan egon omen da, bere hurbilekoen aldetik dei anitz jaso baitu. Baina, dagoeneko, zentro-eskuina bateratzeko aukera ezinezkotzat jo du. Zehatz-mehatz aipatu gabe, François Bayrouk Macroni eman dion atxikimenduak eta UDIk Filloni sostengua kendu izanak zentro-eskuina egoera arras zailean jarri du. Fillonen ibilbidea amildegiaren ertzera doala antzeman da bere agerraldi laburrean.

Juppék kritikatu du eskuin-zentroaren aurka dagoen “konplota”, hedabideen eta botere judizialaren aldetiko jazarpena. Hala ere, argi eta garbi ez badu adierazi ere, ez du François Fillonek hartu duen jarrera sostengatzen.

Fillonek atzo 70.000 kide bildu zituen Parisko Trocadero plazan bere hautagaitza bermatu aldera. Juppéren ustez, eskuinaren erradikaltasuna baino ez du elikatu modu horretara jokatu izanak. Kontzentrazioaren ondoren, Fillonek ez duela amore emanen berretsi zuen.

Azken inkestek bozen %17 eman diote Filloni, Jupperi, berriz, %24. Les Républicans-eko buruzagi Nicolas Sarkozyk François Fillon eta Alain Juppé mahai baten inguruan esertzera gonbidatu ditu, Juppék ezezko biribila eman dio. LR zatituta dago gisa batez.

LReko zuzendaritza Parisen bilduko da astelehen arratsaldean krisi egoera honek irtenbiderik duen aztertzeko.