argia.eus
INPRIMATU
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke
  • Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 09a

Ostegun goizaldean sinatu dute akordioa, eta adostasunak zehazten diren moduan finkatzen dira desadostasunak, esate batera 2017ko erreferendumari dagozkionak. Juntsentzat haren emaitzak zilegi dira eta, ondorioz, jasotako agindua ere bai. Horretatik, ontzat ematen dute urriaren 27ko Kataluniako Legebiltzarraren independentzia adierazpena. PSOErentzat, aldiz, erreferendum hori legez kanpokoa zen eta ez zuen inongo baliorik.

Testuinguru horretan, eta Pedro Sanchezen inbestidura saioa bideratu ondoren, gatazka historikoaren konponbideaz hitz egiten hasteko lehen bilera azaroan bertan egingo da. Katalunia naziotzat aitortzea izango da puntu nagusietakoa, batetik, eta autogobernuari buruzko mugak eta defizitak landuko dituzte, bestetik.

Gatazkaren gertaeren aipamenean 2010era atzera egiten da akordioan, gogoratzeko nola urte hartan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen Kataluniako Autonomia Estatutuaren eduki garrantzitsuenak. Horrek independentismoaren erantzun handia ekarri zuen, bai manifestazioen bidez, eta bai instituzioetan nagusi ziren indar independentisten jarduerarekin. Adostutako testuaren arabera, horrela iritsi ziren 2017ko erreferendumera. Eta kontakizunean sartzen dira Espainiako Segurtasun Indarren jarduera hura saihesteko, istiluak, auzipetzeak... eta nola hori guztia ez den gai izan gatazka bideratzeko. Horregatik, ondorioztatzen dute politikak bakarrik bidera dezakeela gatazka, eta orain zabalduko den alde bien arteko negoziazio mahaian horretan saiatuko direla.

Behin horra iritsita, dokumentuan alde bakoitzak bere bidea finkatzen du: Espainiako 92. artikuluan oinarrituta, Juntsek autodeterminazio erreferenduma mahaigaineratuko du, Kataluniak bere etorkizun politikoa erabaki dezan; PSOEk 2006ko Autonomia Estatutuaren garapena proposatuko du autogobernua ahalik eta gehien garatzeko.

Akordioetan dago, halaber, amnistia legea, baina ez da haren berri ematen. Edukia datorren astean jakinaraziko dute. Eta adostutakoaren ondorioz, datorren asteko inbestidura saioan Juntsek baiezkoa emango dio Pedro Sánchezi. Zehazten da, halaber, PSOEk bi indarren akordioa betetzen den neurrian, Juntsek egonkortasuna emango diola Espainiako Gobernuari datorren legealdian. Carles Puigdemont Juntseko buruak argi utzi du Bruselan egindako agerraldian: ez da aurreko legealdian bezala izango, etengabeko negoziazioa eta akordiorik gabe legealdiak ez du ibilbiderik izango.

Hemen irakurri daiteke Santos Cerdán PSOEko idazkari nagusiak eta Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak sinatutako lau orrialdeko dokumentua osorik.

Katalunian, bestalde, ANC oso kritiko agertu da akordioarekin eta Dolors Feliu erakundeko lehendakariaren esanetan, akordio horiekin "Katalunia espainiartzen da". Feliuk Kataluniako estatua aldarrikatu du, hori delako errepresioarekin amaitzeko modu bakarra. ANCk Kataluniako Legebiltzarrean aurkeztu du eskaera bat, non eskatzen zaion ganberari Espainiako Gobernurako inbestidura itunak egitearen aurka ager dadila.