argia.eus
INPRIMATU
Junts eta PSOE oraindik ez dira akordiora iritsi
  • Ostegunean Juntsek PSOErekiko akordioa onartuko zuela saldu du alderdi sozialistak azken egunotan, baina atzo Bruselan izandako Juntseko zuzendaritza bileran ez zen horrelakorik gertatu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 03a

Astelehenean PSOEko antolaketa idazkari Santos Cerdán bildu zen Carles Puigdemontekin Bruselan eta, ondoren, PSOEek eta ERCk inbestidura akordioa sinatu zuten ostegun honetan. PSOEk saldu zuen ostegunean bertan lor zitekeela akordioa Juntsekin, ostiralean bertan amnistia legea tramitatuko zela Espainiako Kongresuan, eta datorren astean onar zitekeela 8, 9 edo 10ean.

Ez da gertatu horrelakorik ordea eta X sare sozialean ostegunean Carles Puigdemontek honakoa idatzi zuen: “Batzuek presaz ari badira ere, guk orain arte mantendu dugun zuhurtziari eutsiko diogu”. Vilawebek argitaratu duenez, amnistiaren xehetasunetan bada korapilorik oraindik, besteak beste Juntsek eskatuko lukeelako Miquel Buch barne kontseilari ohia eta Laura Borrás Juntseko buruaren auziak ere amnistiaren baitan kokatzea, haien auziperatzeak lawfare direlako, hau da, proces-aren bueltako gerra judizialean sortutakoak.

Horrez gain, gatazka etorkizunean konpontzeko oinarriak ere ez bide dira behar besteko sendoak, baina gai horren inguruan ez da xehetasun gehiago eman. Vilaweben esanetan, ordea, bitartekariaren auzian adostasuna legoke. Juntsek hasieratik finkatu zuen negoziazioetan alde biek onartutako bitartekaritza bat izatea, gero akordioen jarraipena egin ahal izateko.

Negoziazioek aurrera jarraitzen dute, eta PSOEk dio ostiral honetan itxi daitekeela akordioa, eta kasu horretan datorren astean onartuko litzatekeela amnistia legea Espainiako Kongresuan.