argia.eus
INPRIMATU
Junquerasek ez du baztertzen Katalunian hauteskundeak aurreratzea
  • Udazkenerako aurreikusia dago Kataluniako independentisten aurkako Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Auzipetuetako eta ERCko lehendakari Oriol Junquerasek espetxetik jakinarazi duenez, epaiari emandako erantzunen artean ez da baztertu behar Kataluniako hauteskundeak aurreratzea.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 19a
Oriol Junqueras Espainiako Kongresuan.

Catalunya Radioko El matí magazinari Lledoners-eko espetxetik idatziz egindako elkarrizketan egin ditu adierazpenok eta, besteak beste, azpimarratu du Kataluniak Espainiarekin bizi duen konfrontazioa bakarrik gainditu daitekeela “elkarrizketa eta demokraziarekin”. Adierazpen hauek Carles Puigdemont lehendakariak Espainiako Estatuarekin izan beharreko konfrontazioari kontrajartzen zaio. Uztailaren amaieran Puigdemontek Estatuarekiko konfrontazioa nola ikusten zuen azaltzen zuen Re-unim-nos. Reflexions sobre el retorn a la unitat liburuan  (Bil gaitezen. Batasunera itzultzeko hausnarketak).

Honetan, Puigdemontek argi dio gaur egun ez duela posible ikusten erreferendum adostu bat Espainiarekin. Elkarrizketa eta negoziazioa bai, baina lehenago XXI. mendera egokitutako konfrontazio prozesu bat eman behar dela dio, hainbat intentsitate maila izango lukeena, baina edozein kasutan gogorra litzatekeena.

ERCk eta JXCat-ek argi utzi dituzte euren estrategia desberdinak independentziaren bidean eta hamaika gunetan islatzen dira haien ikuspegiak, besteak beste Pedro Sanchezen inbestiduran. Bigarren saioan, JXCatek ezezkoan jarraitzen du eta ERCk iragarri du abstenitu egingo dela.

Beste horrenbeste gertatzen da irailaren 11ko Diadari begira. ANCren eta ERCren arteko tentsioaren ispilu izan zen uztailaren amaieran Josep Huguer eta Anna Simó Kataluniako Gobernuko kontseilari ohiek egindako iragarpena: ez ziren joango aurtengo Diadara, ANCk ERCren aurrean duen jarrera oldarkorragatik. Elkarrizketa honetan Junquerasek Diadara joateko deia egin die Kataluniako herritarrei. “Helburua, independentzia” izango da aurtengo Diadaren goiburua.

Kataluniako selekzioa nazioartean

Espainiako kirol idazkari Gerard Figuerasek jakinarazi duenez, Espainiako Legebiltzarrean ekimen bat abiaraziko dute Kataluniako selekzioak nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izateko. Eredua Erresuma Batua litzateke bere esanetan, non Ingalaterra, Gales eta Eskozia haien artean lehiatzen diren nazioarteko txapelketetan.