argia.eus
INPRIMATU
Junquerasek eurodiputatu gisa jardun ahal izatea eskatu du Estatuko Abokatutzak
  • Duela astebetetik hona zurrumurruak zioena bete da eta astelehen goiz honetan Espainiako Estatuaren Abokatutzak eskatu dio Espainiako Auzitegi Gorenari utz dezala Oriol Junqueras aske, honek europarlamentari agiria hartu ahal dezan.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 30

Abokatutzaren ustez, ERCko buruzagi preso independentistak eurodiputatu lanetan aritzeko eskubidea du, Europako Legebiltzarrak inmunitatea kendu bitartean bederen. Era berean, Abokatutzak eskatu dio Gorenari eska diezaiola Europako ganberari Junquerasen inmunitatea kentzea. Prozesu horrek irauten duen bitartean, Junquerasek parlamentario lanetan aritzeko eskubidea luke eta hori bermatu beharko litzateke.

Independentista katalanean epaiketan estatuaren abokatu gisa parte hartu zuen Rosa Maria Seoane abokatuak sinatu du Auzitegi Gorenaren Zigor Aretora bideratutako idatzia, eta bertan zehazten da Gorenaren lana dela Junquerasen eskubideak bermatzea eta honek ihes ez egiteko hartu beharreko neurriak finkatzea. Abokatutzak dio Junquerasen eskubideak urratu zirela, baina independentisten aurkako epaia ezin dela auzitan jarri eta, beraz, honek bere zigorra bete behar duela.

Idazkiak gogorarazten du Espainiako Estatuaren eta Europako instituzioen arteko arau talkarik egonez gero, Espainiakoek Europakoen ebazpenak bete behar dituztela ezinbestean.