Oriol Junqueras ERCko buruak esan du akordioa "uste baino hurbilago" egon daitekeela. Convergenteek eta errepublikarrek zerrenda bana aurkeztea adostu dute, baina baldintzekin.
"Herriak behar dituen hauteskundeak" (hau da, plebiszitu bozak) egin eta independentziaren aldeko gehiengoa lortu nahi dituela esan du Junquerasek Twitterren egindako adierazpenetan.
Gaineratu du, ez diola inongo baldintzarik jarriko zerrendetara independenteki aurkezten direnei, ez eta bertara batu nahi duten gizarte zibilaren ordezkariei ere.
Astelehenean Masekin bildu eta gero egin ditu adierazpenak.
Askatu gabeko korapiloak
Asteleheneko bilera akordiorik gabe amaitu bazen ere, Artur Mas Kataluniako presidenteak muzin egin dio zerrenda bateratua aurkezteari eta hauteskunde aurreratuetara zerrenda banarekin aurkeztea onartu du, ERCk eskatu bezala.
Trukean eskatu du bere zerrendak gizartearen babes zibila jasotzea hautagai independenteen bidez.
Junqueras ez dator bat eskaerarekin, uste baitu berak ere izan beharko lukeela alderditik kanpoko kideen babesa jasotzeko aukera.