argia.eus
INPRIMATU
Junqueras beste erreferendum bati buruz: “U1-ean egindakotik ezberdina beharko luke”
ARGIA @argia 2020ko uztailaren 24a
Argazkia: Catalunya Radio

Berez, Espainiako Auzitegi Gorenak Carme Forcadellen kasuaz ebatzi du, baina urriaren 1eko gainerako presoen egoera berdintsua da eta horregatik uste du Junquerasek haiena ere bertan behera utziko dela. Mallorcako Auzitegi batek Iñaki Urdangarin libre uzteko erabilitako arrazoi berdina erabili dute Kataluniako espetxe agintariek: preso hauek egunez espetxetik kanpoko lan boluntarioa egingo dutela. Junquerasen esanetan, “erabaki horrekin ez digute utziko hurrengo hauteskunde kanpainan parte hartzen”. Horrek, hala ere, ez luke ekarriko PSOErekin eratutako elkarrizketa mahaiaren apurketarik. “Hori bai –zehaztu du– PSOEk C’s-ekin akordiorik egiten badu, gurea bertan behera geratuko litzateke”.

2017an preso hartu zutenetik espetxetik kanpo emandako lehen elkarrizketa izan da hau eta Torra lehendakariak planteatzen duen erreferendum berriaz galdetuta, argi utzi du urriaren 1ean egin zenaz desberdina beharko lukeela: “Badakigu zer den erreferendum bat irabazi eta horrek ondoriorik ez izatea. Urriaren 1ean egin genuenetik ezberdina beharko luke”. Bere ustez, “gauzak egin behar dira eragingarriak izateko eta hori lortzeko gehiengo esanguratsuak eta kontsentsu handiak behar dira”, bai gizarte mailan eta baita nazioartekoan ere.

Hauteskundeen ostean, ERCk berriz ere independentisten arteko akordioak bilatuko dituela baietsi du eta, esanak esan, berak Carles Puigdemontekin sintonia estrategiko ona duela azpimarratu du.