Calaisko “jungla” erraustekotan da. Urriko bigarren hamabostaldi honetan bertan bizi diren milaka emigrante Estatuko eskualdeetan barreiatzea deliberatu du frantses gobernamenduak. Berri pozgarria izan liteke txabola auzo horretako bizi baldintzak ezagutuz. Alta, jungla hustu eta desegitea ez da aterpetze politika duin baten abiapuntua, epe motz eta funtsik gabeko jokaldia baizik, hauteskunde aurreko interes politikoek gidaturik.
Kanporaketa goaitatu gabe jungla uzten hasiak dira emigrante anitz beste nonbait gordetzeko, junglak eskaintzen zizkien antolaketa, azpiegitura, harreman sare eta seguritate minimoa galduz, bizi baldintzak gogorragoak pairatuz. Alabaina, Frantziak hilabete batzuetako “pausa” eskaintzen badie ere, emigranteek ontsa badakite gutxiengo tipi batek baizik ez duela lortuko bertan egoteko baimena. Gehiengoarentzat perspektiba iluna: espultsioa, abiapuntura itzultzeko mehatxua edo bizi herratua berriz hastea.
Europar Batasuneko estatuek seguritatezko problema gisa tratatu dituzte migrazio joan-etorriak azken hamarkadetan. Lanjer bat bezala ikusiak dira atzerritarrak eta haien etorrera nola edo hala oztopatu behar da. Alde batetik arazoa bere mugetatik kanpo atxikitzen saiatzen dute, lehen Libia edo Marokorekin, gaur egun Turkiarekin akordioak eginez, abantaila batzuen truke emigranteak bloka ditzaten. Bestalde, beren mugen barnean emigranteak etengabe presiopean atxiki, bildu, barreiatu, mugiarazi, atxilotu, kanporatu, hots, benetako ehiza antolatzen dute.
Frantzian aspaldidanik emigrante kopuru handienak iparraldeko itsasertzean kokatu dira, han blokeatuak baitira Ingalaterrara joan nahi dutenak. Hara doazen tren, kamioi eta ferryen jarioaren ertzean instalatu dira skuat eta kanpamenduak, gauero kosta ahala kosta, itsasoa zeharkatzen entseatzeko. Mugen hersteak ez ditu sekulan geldiarazi miseria, errepresioa, gerla eta gaur egun, gero eta gehiago klima aldaketatik ihes datozenak. Ez ditu migrazioen arrazoiak konpontzen, ondorioak aldiz larritzen ditu, arriskuak biderkatuz, trafikoak elikatuz, egoera lotsagarriak sortuz.
Emigranteen egoera hobetzeko aspaldidanik esparru politiko osoa kutsatu duen Fronte Nazionaleko (FN) diskurtsoa baztertu beharko litzateke, emigranteari buruzko ikusmoldea aldatu, arazoaren oportunitate ekonomiko eta sozialak baloratu, funtsezko eskubideen errespetu eta balore humanitarioei lehentasuna eman... Ez gara batere horretan eta heldu diren frantses hauteskunde kanpainei begira, migrazio eta emigranteak betiko mamuak bezala erabiltzen hasiak dira frantses indar politiko handienak.