argia.eus
INPRIMATU
Junes Casenave idazle eta pastoralgile zuberotarra hil da
  • Junes Casenave Harigile Zuberoako idazlea 94 urterekin zendu da, Euskaltzaindiak zabaldu berri duenez. 1924an Santa Grazin sortua, obra oparoa utzi du idatzita, batez ere pastoralgintzan. Larraine eta Altzaiko apaiz izan ondoren, Donapaleun eman ditu zahartzaroko azken urteak.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 24a
(Argazkia: Euskal Kultur Erakundea)

Junes Casenave Harigile Santa Grazin jaio zen; aita biarnesa eta ama santagraztarra zituen. Santa Grazin ohikoa zen bezala lau hizkuntzaren hiztuna da: euskara, Bearnoko okzitaniera, frantsesa eta espainiera.

Apaizgai, Bètharramen (Bearno) ikasi zuen, 21 urterekin Palestinara joan zen. Betleemen hartu zituen eskolak eta 1948ko gerra bertatik bizi izan zuen; hantxe egin zen apaiz betharramdarra 24 urterekin. Bètharramen, Limòtgesen (Okzitania) eta Donapaleun irakasle eta pedagogo ibili zen. Latin, frantses eta greziera irakatsi ditu. Oro har 33 urtez aritu zen irakaskuntzan.

1981ean Zuberoara itzuli zen apaiz lanak egitera, lehen Larrainera bi urtez; geroago Altzaira, non hainbat urtez bizi izan zen, eta Basabürüa zein Arbailako hamar elizaren ardura izan zuen, Ozazetik Etxebarrera. Azken urteak Donapaleuko beterramiten egoitzan erretiratuta igaro zituen.

Armiarma zubitegian irakur daiteke Casenaveren literatur lanaren zerrenda osoa. Batik bat pastoralgintzak egin du ezagun Zuberoako mugez gaindi ere. Santa Grazi izan zen bere lehen pastorala. Bigarrenak, Ibañeta, izen bereko bataila irudikatu zuen 1978an, Orreagako guduaren 1.200. urteurrena ospatu zen urtean. Ipuin zaharren bildumak ere argitaratu zituen, saiakerak, hiztegia, biografiak eta abar. 2012an "Xibero antzertia edo pastorala" plazaratu zuen. Lan horiez eta apaizgoak eskatzen zizkionez gain, sendalari edo petrikilo zela ere jakina zen Zuberoan, eta eguraldia iragartzen zuela.

ARGIAn Miel Anjel Elustondok elkarrizketatu zuen 2010ean azken aldiz: "Denbora erdia musika eta ibilka, hori ez duzu pastorala".