argia.eus
INPRIMATU
Jundizeko biokonpost plantako hobitik atera dute etxegabe bat, zabor edukiontzitik erori ondoren
  • Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, asteazken goizaldean pertsona bat atera behar izan dute Jundizeko zabor hobitik, dirudienez, hondakin bilketarako kamioi baten barrutik erori ondoren. Edukiontzi batean lo zegoen etxegabea, egunotako hotzetik babesteko.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 14a

Gasteizko txoko askotan termometroak zeropetik errenditu ziren asteartetik asteazkenerako gauean. Goizaldeko 4:25ean udal garbiketa zerbitzuko kamioi gidari batek zabor deskarga berehala geldiarazi zuen, Jundizeko biokonpost plantako zabor hobira, hondakinak ez ezik pertsona bat ere bota zuela ikusita. Berehala deitu zieten larrialdi zerbitzuei, eta erreskatatua izan ondoren, ospitalera eraman zuten, zango batean zauriak zituela.

Gasteizko Udalak azaldu duenez, 21 urteko gizonezkoak ez zuen dokumentaziorik soinean. Dirudienez, janaria bilatzen ari zela, hiriko edukiontzietako batean gaua pasatzea erabaki zuen etxegabeak, egunotako hotzetik babesteko, kamioiak oharkabean harrapatu duen arte.

Negu gogor honetan oso agerian geratzen ari da etxegabeek bizi duten egoera, hotzak eraginda babesa aurkitu behar izaten dute ahal tokian. Joan den urtarrilaren 7an 56 urteko gizonezko bat hilik aurkitu zuten auto baten barruan Hendaian, udaltzainen arabera litekeena da gaua pasatzen egon eta bihotz-geldialdia eduki izana hotzaren eraginez. Abenduaren 25ean, bestalde, Zarautzen beste pertsona bat hilik agertu zen parke batean, gau hartan egin zuen eguraldi traketsaren erdian.