argia.eus
INPRIMATU
Julio Soto nagusi bertsolari txapelketako bigarren final-laurdenean, Urdazubin
  • Martxoaren 9an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du egungo txapeldunak. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko otsailaren 11
Urdazubiko bertso saioa. Argazkia: Euskalerria Irratia.

Urdazubin, Nafarroako iparraldeko ertzean, jokatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdena. 130 lagun inguru bildu dira bertan, herriko Kultur Etxean. Haien aurrean aritu dira Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman. Ainhoa Larretxeak egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Urdazubiko Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko. Atzo (otsailak 9) Tuteran eta gaur (otsailak 10) Urdazubin, Nafarroako puntatik puntara, Bertsolari Txapelketa –eta haren bitartez, euskara– herrialde osora barreiatzeko apustuan sakondu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Saio puntuagarriaren ostean, Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (265), eta hortaz, martxoaren 9an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 24tatik.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.