argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako txapeldun laugarrenez
Julio Soto: “Agertu nintzena baino askoz argiago nago”
  • Urduri zaude. Badator”. Horixe izan zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko kartzelako gaia. Eta, urduri zegoenez, etorri zitzaion kantatu nahi ez zuen tematika: anaiaren heriotza. Hasieran bere barne arauak, bere burua, traizionatu zituela sentitu zuen.

Juan Kruz Lakasta Zubero Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko apirilaren 10
“Uste dut hala kantatu izanak lagunduko didala txapelketetan Iluntasun hori itxi eta argira pasatzen”. (Arg.: Euskalerria Irratia) “Uste dut hala kantatu izanak lagunduko didala txapelketetan Iluntasun hori itxi eta argira pasatzen”. (Arg.: Euskalerria Irratia)

Orduak pasa ahala, jabetu da akaso lokatz hura kanporatzeko beharra zuela iluntasunetik argira pasatzeko. Larunbatean, Anaitasunan, laugarren txapela jantzita ez zuen irribarrerik egin. Gaurko elkarrizketan, hiruzpalau egin ditu.

Egin dizuten beste elkarrizketa batean irakurri dut larunbatetik igandera ezin izan zenuela begirik bildu, finalean pilaturiko adrenalinaren poderioz. Bart lo egin al duzu?

Gaur egin dut. Eta egia esan behar nuen pixka bat. Ez dut egin behar nuen bezainbeste baina galdutakoa berreskuratuko dut.

Horrek ederki islatzen du zer nolako ahalegina eskatzen duen final batek.

Bai, azkenean aktibazio mental izugarria izaten da orokorrean. Ez duzu beti lortzen nahi besteko aktibaziorik, baina normalean finala bukatu, eta afariak eta afalostekoak eta gero, ohera sartu eta buruak oraindik martxan segitzen du. Zure bertsoak errepasatzen dituzu. Nondik hobetu. Batzuetan gazitik geratu zaizun hori gozatzen saiatzen zara. Mila buelta ematen ditu buruak, eta ohartzerako eguzkia ateratzen da, eta gosaltzera.

Hogeita bederatzi urterekin laugarren txapela. Erraz esaten da.

Hala tokatu da. Lau aldiz jantzi dut trapu beltza, baina ez diot zenbakiari garrantzi berezirik ematen. Egia da seinale dela ari naizela bidetxo bat egiten, gauza batzuk ongi egiten, eta beste batzuk hobetzeko baditudala. Azkenean hori erakusten du. Ez da ezer berezirik.

Laugarren txapela jasota, Anaitasunako oholtzan, irribarrerik ez.

Emozio bereziak bizitzen dira finalean, eta are gehiago ni natorren tokitik etorrita. Nahi duzu argiago erakutsi zeure burua egunerokoan halaxe zaudelako, baina askotan emozioek gaina hartzen dizute. Niri hartu zidaten. Eta nagoen baino ilunxeago azaldu nintzela uste dut, baina ezin izan nion ihes egin. Bertsoak eta oholtzak hori dute ere ederra: ezin duzula kontrolatu dena, eta batzuetan horrelaxe azaltzen zarela une horretan horrelaxe zaudelako, eta dena ez dagoelako aukeratzerik.

Kartzelako gaia: “Urduri zaude. Badator”. Eta halaxe gertatu zen: urduri zinen eta etorri zen, etorri zitzaizun, berez jorratu nahi ez zenuen gaia.

Garbi neukan anaiarena gertatu ondoren ez niola kantatuko tematika horri zuzenki behintzat, edo bat-batean ari nintzela. Elizondoko azken agurrean erreferentzia egin behar izan nion. Eta finalean ere banuen gurasoei bertso bat kantatzeko gogoa. Baina hortik aurrera ez nuen horri buruz kantatu nahi, nire barru arau batzuk baditudalako eta hori gainditzea ekartzen zuelako. Gaia entzun eta saiatu nintzen handik eta hemendik ateratzen, baina azkenean hori esateko gogoa baino beharra–hori esateko gogorik ez neukalako– nagusitu zitzaidan. Gainera oso modu gordinean. Esanen nuke nik nahi baino dotorezia dezente gutxiagorekin sortutako bertsoak izan zirela. Momentu batean esaten ari nintzenaz jabetu eta nire buruarekin haserre samar aritu nintzen kantuan, ezin ihes egin, eta puntu batzuk nahi baino argitasun gutxiagorekin bukatu nituen. Baina horixe atera zen. Iruditzen zait, orduak pasa ahala, banuela nolabait barrutik lokatz hori ateratzeko behar bat, eta behin lokatz hori aterata, nahiz eta neure burua pixka bat traizionatuta sentitzen dudan, aurrera begira lagunduko didala.

Ziklo bat ixteko modua izan daiteke?

Bai. Orduak pasa ahala hori ari naiz sentitzen nire baitan. Azkenean nahiago izanen nuke zikloa beste modu batean itxi izan balitz, beste bertsoaldi batekin, baina horrela atera zen, eta behar bada horrela izan beharko zuen, bukaera nahiko ilun batekin, txapelketetan behintzat iluntasun hori itxi eta argira pasatzeko.

Egiazki burutik pasatako ideiak dira? Nola daramazu anaiaren heriotzaren dolua?

Burutik pasatako gauzak bai. Bertsoak ez ziren gezurra. Alde horretatik burua lasai daukat, ez nuelako erruki nolabait merke hori erabili bertso puntuazio altuagoa lortzeko, inondik inora. Egia ziren, burutik pasatako gauzak direlako, behar bada ez hain gordin eta hain zuzen. Baina bi urte hauetako bidean, batik bat hasieran, burutik mila gauza pasatzen zaizkizu, eta denak dira normalak. Zorionez burutik pasa egin dira eta ez gelditu. Ongi nago, eta bidea ongi egiten ari gara ni eta gurasoak. Noski, oraindik herren batzuk egiten ditugu, baina orokorrean agertu nintzena baino askoz argiago nago, eta irribarrerik egin ez banuen ere larunbatean, larunbatetik hona ari naiz dezente.

Elkarrrizketa honetan dagoeneko bizpahiru irribarre loratu zaizkizu. Bide horretan, lagungarria izanen zaizu larunbatean Anaitasunan sumatu zen zurekiko maitasun hori guztia sumatzea.

Egia da jendeak babes izugarria eman digula, eta humanitate handia erakutsi digula. Eskertu besterik ez daukat eman diguten maitasun hori guztia. Oso lagungarria izaten ari zaigu. Eskerrak horri ere.

Zaila behar du horren barrutik kantatzeak.

Ez dakit... Uste dut errazagoa eta guzti izaten dela batzuetan barrutik kantatzea. Nolakoa den pertsona bakoitza. Nolako izaera duen. Niri zaila egin zitzaidan azken bakarkako  horretan kantatzea, batzuetan zure barrutik kantatzen duzun hori gogorra delako, beste batzuetan zure barruan poza badago barrutik poza kanta dezakezu. Bertsolaria saiatzen da, artista eta sortzaile oro bezala, bere sorkuntza edo arte horri beretik ahalik eta gehien ematen. Egia da bertsoak batzuetan gauzak estu jartzen dizkizula: gai bat jartzen dizu, kokapen batean jartzen zaitu, eta beti ezin duzu miraririk egin, askotan ahal duzuna egiten duzu. Baina gaiak uzten dizunean eta zuretik kanta dezakezunean, bertsoak irabazten du errealagoa delako.

Bizitzak azkenaldian bide horretarantz bultzatu zaitu, baina irudipena daukat lehendik ere bazenbiltzala bide horretan.

Egia esan ez dakit lehendik ere nondik nentorren. Uste dut azken urteotan, zer esanik ez azken bietan, bizitzaren zirkunstantziengatik pertsonalki aldatu naizen bezala, nire bertsoak ere aldatu direla. Nire mundua begiratzeko modua ere aldatu da, eta aldatzen doa. Espero dut orain sentitzen eta bizitzen ditudan gauzak ez direla izango hemendik bi urtera sentituko eta kantatuko ditudanak. Azkenean kantatzen duzunak erakusten du pixka bat, ez beti, zure barrua nola dagoen. Nire kasuan erakutsi du azken bi edizio hauetan.

Bertsokerari dagokionez, bada alderik egungo Julio Sotoren eta garai batean Xabier Silveirarekin lehiatzen zen Julio Soto gazte haren artean.

Bertsokerari dagokionez, oso diferenteak dira, baina orduko Julio eta oraingoa oso diferenteak direlako, orduko Xabier Silveira eta oraingoa diferenteak diren bezala, eta gaurko Eneko Lazkoz eta hemendik bi urtera entzungo duguna diferenteak izango diren bezala.  Azkenean pertsonalki garatzen zoaz eta zure lanean horrek ere badu islarik. Bizitzaren garapen logikoa da.

Silveira aipatu zenuen zuk zeuk finalean. Haren falta sumatzen duzu?

Nik uste dut bertsozale guztiak akordatzen garela Xabierrekin, bertsolari izugarri ona delako. Eta ni bertsolaria naiz, baina bertsozalea ere banaizenez, haren bertsoak entzun nahiko nituzke txapelketan eta batikbat txapelketatik kanpo, dudarik gabe. Baina berak erabaki bat hartu zuen, berarentzako onena horixe zela pentsatuz, eta berarentzako onena opa diogunez, hori erabaki baldin bazuen guk errespetatu eta ulertzen dugu. Baina zorionez inor ez da beharrezko, ez Silveira, ez ni, ez finalean edo txapelketan parte hartu zuen inor. Jende berria badator, eta poliki-poliki gero eta bertsolari gehiago eta maila hobekoak ateratzen ari gara Nafarroan, eta ez dago inoren beharrik.

Izan ere, baten batek pentsa lezake faboritoak irabazi duela, Sotok, eta hartara erraza izan zaiola. Baina bigarrenari, Lazkozi, puntutan atera zenion aldea ez da handia.

Aldea oso txikia izan zen. Eta egia esatea nahi baduzu txapela nahiko konpartitua sentitzen dut. Azkenean batek janzten du, ez da beti justua izaten. Batzuetan garbi geratzen da batek behar duela txapeldun, baina aurrekoan ez zen halakorik gertatu. Enekok, batik bat erditik aurrera, bertsotan harritzeko moduan egin zuen. Eta nik ez nuen batere garbi nik irabaziko nuenik. Bere izena edo nirea esan zezaketela uste nuen. Pentsatzekoa da epaileren batek bera aurretik jarriko zuela. Azkenean sei epaile dira. Sei epailerekin eta hainbeste bertso eta puntu jokoan, 19 puntuko aldea berdinketa teknikoa da. Enekori ere esan nion, nik bezainbeste merezi zuela, eta pozik egoteko moduan dagoela final izugarria egin zuelako.

Euskal Herriko txapelketara begira, zer aldarte?

Ez diot oraindik arreta handirik jarri Euskal Herrikoari. Nafarroako finala pasa berri da, oraindik gertatutakoei eta kantatutakoei buelta batzuk ematen ari naiz. Datozen asteak deskantsatzen pasako ditut, bertso lanketatik. Eta gero udazkena etorriko da, eta bertsotan ongi egiteko ilusioz eta gogoz harrapatuko nau. Euskal Herriko txapelketa itsaso handia zabala eta hondoa izaten da. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Behintzat ia saioa nahiko kontziente eta aldarte onean egiten dudan.

Ez nuke probintziano jarri nahi, baina gogo bizia dugu nafar bat behingoz finalean ikusteko.

Pentsatzekoa da jendeak izanen duela, baina jende horri egia esan behar diogu, eta bertsolariok geure buruari, eta egia da maila izugarria dagoela Euskal Herrian eta finalean sartzea, ez nafar batentzat baizik eta gipuzkoar batentzat edo edozein lurraldetako bertsolari batentzat, nik beti diot kasik ezinezkoa dela. Beraz oso, oso, oso zaila izango da nafarrik bertan egotea, baina gu, dudarik gabe, saiatuko gara.

Nafar bat, edo bi. Izan ere, nafarra bada Nafarroan bizi dena eta lan egiten duena, Sustrai Colina nafartzat har dezakegu. Telebistan zurekin solasean ikusi genuen, audiorik gabe, atzo Korrikaren amaieran harturiko irudietan. Sutsuki ari zitzaizun. Atrebentzia ez bada, zer esan zizun?

Esateko modukoa da, nahiko gauza polita esan baitzidan. Komentatu nion bukaerako horrek zer zapore utzi zidan, eta txapela gozatzeko esan zidan, ez ditudala 40 irabaziko.

Elkarrizketa hau Euskalerriairratia.eus-en argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta