argia.eus
INPRIMATU
Julio Anguita hil da, Izquierda Unida-ko lider historikoa
  • Andaluziar politikari komunista 78 urterekin hil da maiatzaren 16 honetan, duela astebete geldialdi kardiakoa sufritu ostean. IU Ezker Anitzaren koordinatzaile izandakoa urte luzeetan, alderdiaren garai arrakastatsuenak izan ziren Anguitaren gidaritzapean izandakoak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 16a

Julio Anguita zendu da, Espainiako ezker muturreko buruzagi eta militante garrantzitsuenetarikoa izandakoa. Bihotzeko baten ondorioz hil da Anguita, 78 urterekin, aste bat ingresatuta pasa ondoan.

Historia Modernoan eta Garaikidean lizentziatua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko (OHO) irakaslea izan zen. Ideologiaz ezker muturrekoa, Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) kide egin zen 1972an. 1979an Kordobako udaletxerako hauteskundeak irabazi zituen eta Espainiako probintzia bateko hiriburua eskuratu zuen lehen buruzagi komunista bilakatu zen. Zazpi urtez atxiki zuen alkatearen aulkia eta 1988an PCEren idazkari nagusi aukeratu zuten.

Hortik urte batera, IU Ezker Anitzaren koordinatzaile izendatu zuten. Duda gabe, haren gidaritzapean izan ziren IUren urte oparoenak, hauteskundeetan ere emaitza esanguratsuak lortuz.

1992ko IUren III. Batzarren agerian geratu ziren sektore ofizialistaren eta berritzailearen arteko desadostasunak eta berritzailea –PSOErekin hitzarmenak egitearen aldekoa– nagusitu zen. Anguita bera ere zen PSOErekin unean uneko akordioak lortzearen aldekoa.

1993an, Espainiako Gobernurako hautagai komunista

1993an, Espainiako Gobernuko lehendakaritzarako hautagai aukeratu zuten. Hauteskunde kanpaina horretan, bihotzekoak eman zion eta kanpaina eten behar izan zuen. Diputatu atera zen Madrilen. 1994an, IUren IV. kongresuan, aho batez aukeratu zuten berriz ere koordinatzaile nagusi.

2000an, koordinatzaile nagusiaren kargua uzteko erabakia hartu zuen, beste behin bihotzeko arazoak ukanik. Orduan hasi zen koalizioaren gainbehera.

Kargu politikoak utzi arren, gogoeta eta sostengu politikoak ez zituen alde batera utzi. Besteak beste, Kataluniako preso politikoei elkartasuna adieraziz edota Bakea eta Demokrazia Euskal Herriarentzat agiria izenpetuz 2012an. Hainbat liburu ere publikatu zituen, azkena 2015ean Atraco a la memoria. Un recorrido histórico por la vida política de Julio Anguita izenekoa. Zuzeu.eus guneak plazaratu zuen Anguitari egindako elkarrizketa 2012an: