Aurtengo otsailean argitaratu zen Julian Barnes idazle ingelesaren The Only Story eta berehala izango da dendetan euskarazko itzulpena: Istorio bakarra tituluarekin argitaratuko du Meettok editorial donostiarrak. Aritz Gorrotxategik egin du itzulpena.
1960ko hamarkadan girotutako nobela da Istorio bakarra, Paul Roberts ikaslea protagonista duena. Gurasoen etxera itzuliko da Londres hegoaldeko auzo batera eta tenis-klubean izena emango du, jendearekin erlazionatzen saiatzeko. Han ezagutuko duen 48 urteko emakume batekin izango duen harremana da nobelaren ardatza.
Liburua Ingalaterran publikatu zenean, Alex Preston The Guardian egunkariko kritikariak nabarmendu zuen nobelak baduela Barnesen hasierako liburuen kutsurik, zehazki 1980an argitaratu zuen Metroland eleberriarena.
Ostegun honetan aurkeztuko dute liburua Donostiako Elkar dendan, Fermin Calbeton kalean. Bertan izango dira Aritz Gorrotxategi itzultzailea eta Meettok editorialeko arduraduna den Ramon Etxebeste.
Euskaraz, “etxeko” erdaretan baino lehen
Euskarazko itzulpen hau gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa baino lehenago argitaratuko da. Datu deigarria, baina ez guztiz berria, ez baita Meettokek mota honetako apustua egiten duen lehenbiziko aldia: nazioarteko oihartzuna duten idazle garaikideen lan berrienak inguruko erdaretan bezain azkar publikatzea etxeko marka da Egia auzoko argitaletxean.
Besteak beste, erdarazko edizioaren paretsuan publikatu izan ditu hil berri den Philip Rothen Suminez, baita Don DeLilloren Zero K ere –Barnesen nobela bezala, Aritz Gorrotxategik itzulia–; baita Michel Houellebecq-en Sumisioa ere –kasu horretan, bistan denez, Ipar Euskal Herriko irakurleek hasieratik zeukaten jatorrizkoa eskura–.
Gainera, Barnesi euskarara itzuliko zaion lehenbiziko liburua izango da. Aurretik, Ibon Sarasolak Lurraren mailan itzuli zuen Armiarma.eus-erako, Levels of Life liburuko hiru narrazioetarik bat.