argia.eus
INPRIMATU
Julian Assange AEBetara estraditatzeko baimena du Erresuma Batuko justiziak
  • Gobernuak erabaki behar du orain Wikileaks-eko sortzaileetako bat den Assange estraditatuko duen edo ez. Erabakiari helegitea jarriko diote bere abokatuek.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 20a
Julian Assange, 2019an Londresen Ekuardoko Enbaxadatik kanporatu eta atxilotu zutenean Argazkia: Reuters.

Assangek hamar urte daramatza askatasunik gabe. Lehenik, etxean atxilotuta; ondoren, zazpi urte igaro ditu eguzki argirik edo aire freskorik gabe Ekuadorko enbaxadaren barruan, Londresen. 2019ko apirilean kanporatu eta atxilotu zuten, kazetariaren eta bere senide eta abokatuen aurkako espioitza estrategia baten ondoren –enbaxadako segurtasunaz arduratzen zen enpresa espainiar batek kamerak eta mikrofonoak jarri zituen gela guztietan AEBetako zerbitzu sekretuek eskatuta–.

2010ean, Wikileaksek, komunikabide handi batzuen laguntzarekin, dokumentu "sekretuen" historiako filtrazio zabalenetako bat argitaratu zuen. AEBetako inteligentzia zerbitzuen 700.000 fitxategi baino gehiago, gobernu eta estatu askoren jarduera diplomatiko eta militar opako eta ankerrak agerian utzi zituztenak. Besteak beste, Iraken Abu Ghraibeko presoei AEBetako funtzionario publikoek egindako tortura basatiak eta hainbat gerra-krimen. Ezagunena, 2007ko uztaileko zibilen sarraskia Bagdaden, hamabi hildakoen artean zeuden Reuters agentziako Saeed Chmagh eta Namir Noor-Eldeen kazetariak.

Geroztik, Assange estraditatzen saiatu da AEBetako justizia. 2021eko urtarrilean behin-behinean pausan geratu zen prozesua, epaile batek estradizioa bertan behera uztea erabaki baitzuen, bere abokatuek AEBetako espetxe batera eramanez gero bere buruaz beste egiteko arriskua handia zela argudiatu ostean. Hala ere, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenera iritsi zen kasua, eta hark estradizioa onartzea erabaki zuen. Orain, erabaki hori berretsi besterik ez dute egin. Assangeren abokatuek berriz adierazi dute bere egoera larria dela eta AEBetako kartzela batean bere buruaz beste egiteko arriskua handia dela.

Londresko gobernuaren eskuetan dago orain Assange estraditatu edo ez, eta erabaki hori hartzeko bi hilabete ditu Priti Patel Barne ministroak. Hain zuzen ere, 2003ko Estradizio Legearen arabera erabaki dezake estradizioa bertan behera uztea. Assangeren abokatuek justiziaren erabakiari helegitea jarriko diotela iragarri dute.