Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
Urriaren 9an jakinarazi zituzten Euskadi Literatura sarietako lehenengo hiru irabazleen izenak, Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras, hala nola. Gainontzeko hiru saridunen berri eman dute orain. Aiora Jakak, Euskarazko Literatura Itzulpena saria irabazi du Independentzien eguzkiak, Ahmadou Kouroumaren istorioaren itzulpenarekin, Jon Urzelaik, Saiakera Euskaraz atala Su festak obrarekin eta Julia Otxoak, Gaztelaniazko Literatura saria Bajo los astros de la repetición (Errepikamenaren izarren azpian) lanarekin. Sei sariak azaroaren 21ean banatuko dira Gasteizko Artium Musean egingo den ekitaldian.
Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateko saria Aiora Jakak jaso du Ahmadou Kouroumaren istorioaren itzulpenarekin. Epaimahiak azaldu du Independentzien eguzkiak lanean Jakak “bikain” ekarri duela istorioa euskarara, “azalez nola mamiz, estiloz nola tonuz”. Euskal irakurlea mendebaldeko Afrikara eramateko gaitasuna ere azpimarratu du.
Jon Urzelairen Su festak lana saritu dute epaimahaiko kideek Saiakera Euskaraz atalean. Musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara hedatu duela adierazi dute: “Musika kantaldi motak aro sozialekin, gizarte eredu desberdinekin eta hainbat prozesu sozialekin lotu ditu modu arrazoituan”. Atal berdineko Saiakera Gaztelaniaz saria ez dute banatu ordea. Aurkeztu diren lanetatik, Euskadi Sarirako eska daitezkeen bikaintasun-irizpideak lan batek ere ez dituela betetzen azaldu du epaimahaiak.
Julia Otxoaren poema liburuak irabazi du Gaztelaniazko Literatura saria. Epaimahaiak hainbat hamarkadatako bidea mamitu duela nabarmendu du. Bi zatitan banatuta dago Bajo los astros de la repetición lana. Lehenengo atalean, ahots konprometituz, “krudelkerian eta suntsipenean zentzurik ez duten munduaren eta historiaren aurkako salaketa globaleko poemak” gailentzen direla azpimarratu du epaimahaiak. Bigarrengo atalen, berriz, askoz laburragoak eta sententziazkoagoak dira poemak eta “oraindik ere hondamenean dagoen mundu honetan bizirik dirauen edertasun hori” uzten dute agerian.