Iragan ostegunetik Donostiako Ospitaleko Zainketa Berezien Gelan zegoen, Zurriola hondartzan istripua izan eta gero. Sare sozialen bitartez jakinarazi du heriotza familiak.
Entzierroetako korrikalari Julen Madina hil da. Iragan ostegunean kolpea hartu zuen hondarraren kontra Donostiako Zurriolan, eta hark eragindako lesioek eragin diote heriotza, bost egunez zainketa berezietan koman egon ostean.
Sare sozialen bidez jakinarazi du albistea bere familiak. Jendearen babes mezuak eta “une zailetan familiari egindako maitasun keinuak” eskertu dituzte etxekoek. Ospitaleko langileen laguntza ere eskertu dute. 61 urte zituen Madinak.
Madina hiru lagunek aurkitu zuten Zurriolako hondartzan, konorterik gabe. Itxuraz, olatu batek hondarraren kontra jaurti zuen, eta bi kolpe handi hartu zituen, bat buruan eta bestea bizkarrezurrean.
Iruñea eta Tuterako entzierroetan aritzeagatik egin zen ezagun hernaniarra; azken urteetan ETBko zenbait saiotan ere kolaboratu zuen. Besteak beste, bazkalosteko tertulietan eta El conquistador del fin del mundo saioan.