Camarade-curé / Ez, ez dut nahi Pierre Prouvèze zuzendariaren filma da. Filmak Collette Magny frantziarraren Camarade curé kanta du abiapuntuan. Magnyren kanta Julen Lekuona zenaren Ez, ez dut nahi kantak inspiratuta dago. Filma urtarrilaren 17an, ostegunean, 19:00etan emanen da, Donibane Lohizuneko Le Sélet zineman.
Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi kanta frankismo garaiko errepresioaren lekukotasuna da, 1968-1970 urteetan biziki entzun zena. Colette Magny ezkerreko militantea zen orduan, kanten peskizan ari zela Julen Lekuonarena aurkitu zuen. Kantaren ikerketak eraman zuen ohartzera, Euskal Herrian bizi zen egoera soziopolitikoa eta Frantziako 1968 maiatzeko giroa kontsonantzian zirela. Filmaren aurkezpen egunean, iragan astelehenean, Marseillako Pierre Prouvèze errealizadoreak adierazi zuen “Colette Magnyk euskaldunak eta Euskal Herria bihotzean zituela”.
Pierre Prouvèzek honela kontatu du: “Marseillako antzoki batean nengoen Colette Magnyren kanta lehenbizikoz entzun nuelarik”. Prouvèzek azpimarratu duenez, “kantak ez zuen aparteko harrerarik izan orduko jendartean, ez zen merezi zuen bezain kantatua izan”.
Urteak joan ahala, kantak hunkiturik bizi izan da Prouvèze. Hartara, Euskal Kultur Erakundeari laguntza eskatu zion filmaren proiektua bideratzeko. Mikel Epalza apaizarekin eta Xabier Amuriza bertsolariarekin harremanetan jarri ondoren, proiektua garatzeko bitartekoak ingurutu ditu, baita xedea errealitatea bihurtu ere.
Ez, ez dut nahi kanta 1968an Derioko (Bizkaia) seminarioan 60 euskal apaizek aurrera eraman zuten protesta ekitaldiaren lekukotasuna da. Eragileak, funtsean, Mikel Epalzaren hitzetan, “askatasun soziala eta kulturala”-ren alde zeuden. Apaizek “itxialdi” bat egin zuten seminarioan eta Erromari adierazi zioten ez zutela etsiko. Hilabete batzuk lehenago euren gutun-esakera bidalia zuten Vatikanora: “Euskal Herriarekiko errespetua eta frankismoaren errepresioa salatzea” eskatu zieten Elizako goi-karguei.
Derioko Seminarioan izan zen ekimen historikoari buruzko irudi gutxi dago. Filmean, besteak beste, Julen Lekuonaren Aritz eta Oihana seme-alaben testigantzak jaso ditu. Halaber, Camarade-curé / Ez, ez dut nahi filma gaur egungo euskal presoen aldeko ekitaldietako irudiz osatuta dago. Esaterako, Kanboko Lorentxa Beyrie presoaren inguruan izandako atxikimenduzko agerraldiak eta presoak berak presondegian egindako zenbait arte lan.