argia.eus
INPRIMATU
Julen Gabiriaren neurketa: Euskal Herria zer den ETBko albistegietan
  • Urtarrileko astebetez Gaur Egun eta Teleberri albistegiak neurtzen aritu zen Julen Gabiria idazle, itzultzaile eta txiolaria. Twitterreko hari batean bildu ditu datuak. Egun batzuk Binke agerkarian idatzi zuen "Ideologia ari du" artikuluan komentatu zituen puntu batzuk frogatzeko ariketa izan zen.

Sustatu 2021eko urtarrilaren 14a

Albistegi osoak barik, Covidari buruzko informazio tarteak aztertu zituen, eta norantz begira zeuden albisteak neurtu. Esate baterako, urtarrilaren 6an:

26 minutu inguru guztira (Gaur Egun eta Teleberri batuta):

  • EAE 8:26 minutu
  • Erresuma Batua 6:19
  • Espainia 4:40
  • Italia 3:15
  • Ipar Euskal Herria 1:22
  • Beste (Moderna txertoa) 1:11
  • Nafarroa 1:03

Eta eskerrak 6an Ipar Euskal Herria aipatu zen, ze aste osoaren batuketa hauxe izan da, Euskal Herriari dagokionez:

  • Guztira ia 3 ordu izan dira (2:53:58) (grafikoan).
  • EAE: 2:06:56 ordu
  • Nafarroa: 0:03:48
  • Ipar EH: 0:01:22

Pentsatzekoa zen bezala, Gabiriak Binken esan zuena berretsi da: "Denak segitzen du izaten politika, ETBko albistegiak jarri eta ikusten duzunean lehen eguraldiaren maparako zena orain pandemiarako ere badela: batetik daudela EAEko datuak, bestetik Nafarroakoak, eta hurrena munduko gainerako tokietakoak, zorte pixka batekin agian Iparraldea deitzen dugun ezleku lanbrotsu horretakoak ere bai. Hori ez bada politika egitea, hori ez bada dosika-dosika ideologia jakin bat txertatzea inongo laborategitan testatu ez den ziztada baten antzera, azalduko ote dit norbaitek zer den orduan."

Gabiriak nahi luke, ordea: "Nik nahi nuke nazio ikuspegia eskaintzen duen komunikabide publiko bat, hurbilagoak zaizkionak Hazparneko PCR probak Majadahondakoak baino, erreferenteak gure artean bilatuko dituenak, elkarrizketatuei euskaraz erantzuteko eskatuko diena. (...) Agian gehiegi ari naiz eskatzen, agian neu naiz ideologia duena. Baina ez: zirimiri horrek ere badu ideologia."