argia.eus
INPRIMATU
Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute
  • 61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 25a
Kadizko Puerto-Iko kartzela. Argazkia: La Voz Digital.

Isuriaren ondorioz gorputzeko ezkerreko aldean kalteak jasan dituela adierazi du Etxeratek komunikatuan, batez ere hankan eta eskuan. Senideen ardura helarazi du Etxeratek, presoa etxetik urrun egoteaz gain, horrelako isuri baten kasuan zenbat eta arinago ospitaleratu hobea izaten baita pazientearen osasunerako.

Maiatzaren 21ean kartzelara bueltatu zen Atxurra, isuria izan eta zortzi egunera. Joan den asteburuan bi senideren bisita jaso du, 40 minutuz. Senitartekoek esandakoaren arabera, erizaindegian dago ingresatuta, eta bere egoera animikoa ona da.

Bere babes osoa helarazi nahi izan dio Etxeratek Atxurraren sendiari. Gaur egungo egoerak presoaren errealitatea zailtzen duela adierazi du, bi hilabetean familiako kideekin komunikaziorik izateko aukerarik izan ez duelako. Gehitu dute gurasoak nagusiak dituela presoak, eta oso zaila egiten zaiela 1.020 kilometroko bidaia egitea. 24 urte daramatza preso lekeitiarrak, lehen graduan.

Atxurraren eta gainontzeko presoen egoerari amaiera eman behar zaiola esaten bukatu du komunikatua Etxeratek; preso denen hurbilpena eta larriki gaixo dauden eta 65 urtetik gora dituzten presoen askatzea eskatu du. Elkarteak nabarmendu du Espainiako Estatuan kartzelaratutako euskal presoen %80a familiarengandik oso urrun dagoela, distantzia hori 400 eta 1.000 kilometro artekoa izanik.