argia.eus
INPRIMATU
Jul Bolinaga omentzeko jaialdia ekainaren 27an Arrasaten
  • Jul Bolinaga RIP musika taldeko kideari "lagun eta musikari moduan" omentzeko jaialdi handia egingo dute Arrasateko Monterron parkean ekainaren 27an.

Goiena @goiena 2015eko ekainaren 05a

Jul-en Lagunak taldeak eta Arrasateko Udalak antolatu dute kontzertua eta astearteko agerraldian aurreratu zutenez, musikariaren ibilbide "luzearen adierazgarri" bat izango da jaialdia. Doakoa izango da, 21:30etik aurrera.  

"Jul, familia, lagunak eta Arrasateko herria zutaz harro gaude!". Hitz horiek izan ditu, besteak beste, Jul-en Lagunak taldeko kide Kepa Altube 'Kopi'-k prentsa agerraldi jendetsuan. Kultura zinegotzi Kepa Urteagak ere nabarmendu du antolatzaileak Udalera laguntza eske joan zirenean jendeak "gogo handiak" zituela jaialdi horretarako: "Azken lau urteotan egindako prentsa agerraldi jendetsuenetako da honakoa, eta horrek asko esan gura du. Jendeak halako bat antolatzeko gogoz badago zer gutxiago Udaletik ere laguntzea baino". 

Bolinagaren ibilbidearen lagin bat

Jul Bolinagak utzi duen "arrastoa" izan dute hizpide agerraldian: "Jul-en ibilbide konprometitua eta mundua aldatzeko zuen grina musikarekin azaltzen zuen", adierazi du Jul-en Lagunak taldeko Iker Barandiaranek. Bada, ekainaren 27an Monterron parkeko agertokian ikusi ahalko dena "ibilbide luze eta emankor" horren lagin bat izango da: "Jende ugari eskaini da baina ezinezkoa zen guztiei lekua egitea, gutxienez hiru eguneko ekitaldia egitea eskatuko zuelako. Kontzertuan ikusiko dena lagin bat izango da".

(CC lizentzia baliatuta Goiena.eus-etik jasotako albistea. Jatorrizko lotura hemen: http://goiena.eus/arrasate/1433266479113)