argia.eus
INPRIMATU
Judith Butler: “Israelek ordezkatzen ez duen judutarra naiz”
  • Judith Butler filosofo post-estrukturalista estatubatuarrak Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren inguruko liburua argitaratu du: Parting Ways: Jewishness and the Critique of Zionism. Izenburuak adierazten duenez, judutar jatorrikoa izanagatik sionismoarekin kritikoa da Butler. Berfrois atariak liburuaren eta gatazkaren karietara elkarrizketatu du filosofoa, eta adierazpen horietariko batzuk ekarri ditugu hona:

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 02a
Queer teoria eta feminismoarekin lotutako lanak garatu ditu Judith Butlerrek (Argazkia: cfhutrecht2013.com)

Judutarra bai, sionista ez

“Nire amaren familia Hungarian erail zuten naziek eta jatorri judutarra dut, baina hori zabaldu behar nuke? Zilegitasun handiagoa ematen dit horrek? Nik ez dut nire burua hala saldu nahi. Nire argudioak bere horretan argudio onak izatea nahi nuke. Israelek judutar guztiak ordezkatzen dituela dio, eta ni Israelgo estatuak ordezkatzerik nahi ez duen judutarra naiz”.

“Ni sionista jaio nintzen, ez bainuen beste aukerarik izan. Baina gaiaren inguruan galderak egiten hasi nintzenean moztu nuen horrekin. Eta horrek ez du esan nahi herri baten suntsiketa ikusi nahi dudanik, demokraziaren oinarriek gorpuztuko duten estatu egitura bat ikusi nahi dudala baizik”.

Elkarbizitzarantz

“Erabateko banaketaren ideia negargarria iruditzen zait. Zer gertatuko da jadanik kanporatu dituztenen eskubideez arduratu beharrean, geratzen direnak mahaitik bota nahi baditugu? Edward Said-ek esaterako binazionalismora heltzeko itxaropena zuen. Izan ere, judutarrek jasandako eraso eta kanporatzeen historia eta palestinarrena oso desberdina bada ere, bi herriek egoera gogorrak bizi dituzte berriki, eta horrek errefuxiatuen eskubideen aldeko hitzarmen batera heltzen lagun lezake”.

“Egun batetik bestera gorrotoa maitasun bihurtuko dela uste duena oker dago. Munduko pertsona guztiek dute dauden tokian bizitzeko eskubidea. Hemen bazaude, hemen bizitzeko aukera duzu. Alegia, genozidioa ez da aukera bat. Inork ezin du erabaki komunitate batek ez duela nonbait bizitzeko eskubiderik”.

“Ez dugu aukeratzerik norekin bizi behar dugun, eta horrek eztabaida sortzen badu, onartu egin behar dugu. Zer da orduan elkarbizitza? Bada, negargarria izan daiteke, edota antagonismoz betea, baina hori guztia politikaren bitartez garatu behar da inor kanporatu gabe”.

Utopiatik errealitatera

“Politikan, batzuetan, inoiz gertatuko ez zena gertatzen hasten da. Eta une horretan, horri helduko dion norbait egon behar du, idealista dela onartzen duena. Idealik gabe, gure sentiberatasun politikoa usteldu egiten da."

“Beharbada, teoria filosofikoaren eginkizunetako bat ezinezkoak diruditen printzipioetara heldu eta hauei eustea da, nahiz eta sekula beteko ez direla iruditu. Ondo dago, zerbitzu bat da. Zer gertatuko litzateke inork halakorik egin ez duen mundu batean bizi bagina? Mundua askoz ere txiroagoa litzateke.”