argia.eus
INPRIMATU
Judimendiko bizilagunek aurrerapauso bat eman nahi dute joko aretoaren kontra
  • ‘Judimendik joko aretorik ez’ deitutako dinamikari ekingo diote bizilagunek eta soinean txapak jantziko dituzte. Gainera, balkoietan eskegitzeko banderolak ere egin dituzte eta joko aretoan ez kontsumitzeko deia egin dute, auzokideak konpromiso pertsonalak hartzera animatuz.

Topatu.eus @topatu_eus 2019ko apirilaren 08a
(Argazkia: Topatu)

Jatorri, pentsaera eta adin anitzetako auzokideak bildu ziren larunbatean Judimendiko auzobizitzaz zein egoeraz ‘kezkaturik’, Duela bi urte Salón de Juegos Premium lokala ireki zutenetik egin duten bidea ekarri zuten gogora eta orain, auzo gisa ekiteko momentua dela adierazi dute. Horretarako ‘Judimendik joko aretoari ez’ dinamika abiatu dute.

“Salón de Juegos Premium jokoa saltzera bideratuta dagoen negozioa da. Jokoak eragiten duen adikzioa eta menpekotasunetik etekina ateratzen duen negozioa, alegia”, azaldu dute eta honen inguruan Gazte Asanbladak egin dituen lanketak aipatu dituzte: “Bertan behaketa lanak egiteaz gain, joko aretoak auzora zekarrena konpartitu egin izan du auzokideekin, prentsaurreko, ohar, txosten zein hitzaldiren bitartez besteak beste”.

Argi utzi nahi izan dute, gazteez gain, gainerako auzokideak ere egoeraren “seriotasunaz” jabetu direla eta auzo bezala aurrerapauso bat eman nahi izan dutela. Joko Aretoak Judimendiko auzobizitza arriskuan jartzen duela ohartarazi dute:“Indibidualismora garamatza, menpekotasun zein prekarietatea sortzen du eta inguruko taberna eta dendei konpetentzia ez-leiala egiten die, besteak beste. Horren adibide dira auzoko bi tabernek ateak itxi behar izatea, langileak lanaldi amaigabeak egitera behartuta egotea, joko aretoa 24 orduz zabalik egoteko, edota auzoko gazteenen adikzioa jokoarekiko”.

Dinamika berria

Joko aretoa bultzatu nahi duten auzo ereduarekiko guztiz kontrajarria dela azaldu dute Judimendiko bizilagunek eta ‘Judimendik joko aretorik ez!’, deituriko dinamikari ekingo diote. Abiapuntu bezala, bi baliabide eskaini dituzte: “Batetik, gure etengabeko desadostasuna erakutsiko duten txapak soinean eramatea eta bestetik, etxeetako balkoietan joko aretoaren aurkako gure jarrera argi utziko duten banderolak zintzilikatzea”.

Gainera, Joko Aretoan ez kontsumitzeko deia luzatu diete auzokide guztiei: “Maila pertsonalean bertan ez kontsumitzeko hartzen dugun konpromisotik, erantzun bateratu eta irmoa eman nahi dugu. Arazo kolektiboa den heinean, auzokide guztien parte hartzea eta konpromisoa ezinbestekoa da”.

Albiste hau Topatu-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.